Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Erremontea

Aldabe eta Barrenetxea IV.a "Erremontari" saioko final handirako sailkatu dira

EITB MEDIA

Ekainaren 16an, datorren astelehenean, Urriza-Larrañaga bikotearen aurka jokatuko dute. Finalerdian, Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea menderatu dituzte, bi jokotan, 14-15 eta 7-15.

1:24
Albade eta Barrenetxea IV

Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea 2025eko "Erremontari" saioko final handirako sailkatu dira, astelehenean, Galarretan, Hernanin, eta, horrenbestez, Sagardoaren Txapelketako txapelak eskuratzeko partidan lehiatuko dira, datorren astelehenean, ekainaren 16an, Javi Urrizaren eta Iban Larrañagaren aurka. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, finalerdian, astelehen honetan, Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea hartu dituzte mendean, bi jokotan, 14-15 eta 7-15.

Hala "Erremontari" saioko finalean, alegia, Javi Urrizak bere kirol ibilbidean jokatuko duen azken partida handian, aurrelari iruindarra eta Larrañaga eta Aldabe eta Barrenetxea IV.a arituko dira nor baino nor gehiago. Finalerdian, bi zati oso desberdin izan dira; izan ere, lehenengo jokoan, bi bikoteak oso parean ibili dira, eta Aldabek eta Barrenetxea IV.ak tanto bakar batez eskuratu dute puntua, baina bigarren jokoan, ordea, Ezkurra II.ak eta Juaneneak ez dute aukerarik izan. Bigarren joko horretan, gakoetako bat izan da zein trebea den Barrenetxea IV.a sakean; atzelari hernaniarrak sei tanto egin ditu bigarren jokoan tantoari hasiera ematen dion jokaldia baliatuta, eta guztira hamar egin ditu, partidan. Horrek eragin handia izan du finalerdian.

Iñaki Lekuona kapitain lanetan, eta Oialume Zar sagardotegia ordezkatuta, Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea 3-6 aurreratu dira norgehiagokako aurreneko jokoan, baina Bereziartuako ordezkariak diren Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak, Patri Espinar kapitain izan dutela, seinakoa jarri dute segituan. Jokoaren azken zatian, Aldabe eta Barrenetxea IV.a 9-12 ipini dira, eta gertu zuten lehen puntua; Ezkurra II.ak eta Juaneneak ondo erantzun dute, eta azken tantora iritsi denean emaitza 14-14koa zen, eta sakea saldiastarrak zuen. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, baina, hamabosgarren tantoa eskuratu dute, eta aurretik jarri dira neurketan.

Finalerdia amaituta, Ezkurra II.ak nabarmendu du oso garrantzitsua izan dela lehenengo jokoa aurkariek eskuratzea. Egia esan, bigarren jokoan, aurrelari lekunberriarra eta atzelari gipuzkoarra argi gehiago izan dira. Barrenetxea IV.ak min handia egin du sakeaz, eta bikote garailea 1-8 jarri da; hori oztopo handiegia izan da Ezkurra II.a-Juanenea bikotearentzat. Bi nafarrek 5-8ekoa lortu dute, baina Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak beste lau tanto jarraian erdietsi dituzte, 5-12kora arte, eta Ezkurra II.ak eta Juaneneak ezin izan dute hori gainditu. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, beraz, "Erremontari" saioko finala dute jomugan.