Bilbao Basket
Ez du Bilbon jarraituko
Abdur-Rahkmanek ez du Bilbao Basketen jarraituko
EITB MEDIA
Eskolta estatubatuarrak, partidako, batez beste, 10,4 puntu sartu eta 2,1 asistentzia eman ditu Endesa Ligan, eta, FIBA Europa Kopan, 10,4 puntu eta hiru asistentzia, 2024-25 denboraldian.
-
Abdur-Rahkmanek FIBA Europa Kopa irabazi du, Bilbao Basketekin. Irudia: Surne Bilbao Basket.
Muhammad-Ali Abdur-Rahkman eskoltak ez du Surne Bilbao Basketen jarraituko, asteartean Bilboko klubak iragarri duenez. Jokalari estatubatuarrak partidako, batez beste, 10,4 puntu sartu eta 2,1 asistentzia eman ditu Endesa Ligan, eta, FIBA Europa Kopan, 10,4 puntu eta hiru asistentzia, berriki amaitu den 2024-25 denboraldian; horretan, euskal taldeak Europako txapelketa irabazi du.
"Europan, erabakigarria izan da; final laurdenetan, Tofas Bursaren aurka, garaipena eman zigun saskiratzea egin zuen, eta finalerdietan, halaber, Dijon aurkari, bikain aritu zen itzuliko neurketan", nabarmendu du Bilbao Basketek, Abdur-Rahkmanen gainean, agur oharrean.
Horrenbestez, Bilbao Basketek iragarrita du hiru jokalarik ez dutela jarraituko taldean; Abdur-Rahkmanek ez ezik, Xavi Rabasedak eta Ruben Dominguezek ere ez dute jokatuko Bizkaiko taldean. Azken hori Texas A&M Unibertsitatean ibiliko da, NCAAn.
Horrez gain, Bilbao Basketek Darrun Hilliard hegalekoa fitxatu du, Unics Kazan taldetik, eta Tryggvi Hlinason pibot islandiarrak 2027ra arte berritu du.