Bilbao Basket
Fitxaketa
Bilbao Basketek Luke Petrasek hegal-pibota fitxatu du, 2025-26 denboraldirako
EITB
Bizkaiko taldeko jokalari berriak 29 urte ditu, eta 2,08ko altuera; estatubatuarra da, eta Poloniako selekzioarekin internazional. Anwil Wroclawek taldetik iritsi da Bilbora.
-
Luke Petrasek 2026ra arte arituko da Bilbao Basketen. Argazkia: Bilbao Basket.
Surne Bilbao Basketek Luke Petrasek hegal-pibota fitxatu du, 2025-26 denboraldirako, Bilboko klubak iragarri duenez. Bizkaiko taldeko jokalari berriak 29 urte ditu, eta 2,08ko altuera; estatubatuarra da, eta Poloniako selekzioarekin internazional. Poloniako Ligako Anwil Wroclaweketik iritsi da Bilbora; lau denboraldi eman ditu bere azken taldean, eta azkenean, alegia, 2024-25 denboraldian, partidako, batez beste, 11,1 puntu sartu eta 5,2 errebote harrapatu zituen.
Petrasek NCAAn aritu da, eta, Europan, Alemaniako eta Errusiako txapelketetan, Polonian ibili aurretik. Rafa Pueyo Bilbao Basketen kirol zuzendariaren esanetan, "puntuak sartzeko gaitasuna duen hegal-pibota da, hiru puntuetako lerrotik eta saskitik gertu ere; ehuneko onak dituen jaurtitzailea da, jaurtiketa irekietan lortu ahal ditu saskiratzeak, eta blokeotik irtenda ere", nabarmendu du.
Pueyok, halaber, uste du ondo jokatzen duela "baloirik gabe", eta pistan ondo egiten duela korrika: "Horregatik da eraginkorra saskitik hurbil". Kirol zuzendariaren ustez, "errebotean eta defentsan ere lagunduko du, tapoiak jartzeko trebea baita; pozik gaude fitxaketa egin izateagatik, taldeari kalitatea eta esperientzia ekarri dizkiogulako", adierazi du.
Petrasek Bilbao Basketen hirugarren fitxaketa da, Justin Jaworski eskolta eta Darrun Hilliard hegalekoa baieztatuta. Gainera, euskal taldeak bermatuta du Melwin Pantzar joko antolatzaileak jarraitu egingo duela, Unicajak utzita, eta Bassala Bagayoko eta Tryggvi Hlinason pibotak ere taldean izango direla.