Bilbao Basket
Gaur, Eurokopa
Bilbao Basketek bai ala bai irabazi behar dio Belgacom Spirouri
Erredakzioa
Rafa Pueyoren gizonek B multzoko azkenengo sailkatua gainditu beharko dute, Europako txapelketan bizirik jarraitzeko. Ligan irabazi ostean, talde beltza konfiantzarekin dago.
Bilboko taldeak neurketa oso garrantzitsua jokatuko du (gaur, 20:30ean), Spirou Charleroiren kontra. Rafa Pueyoren gizonek porrot oso mingarria jaso zuten Miribillan, Dinamo Sassariren aurka, eta Eurokopan bizirik jarraitzeko garaipena lortu beharko dute Belgikan. Endesa Ligan garaipen oso garrantzitsua eskuratu zuen Bilbao Basketek, Valladoliden aurka, eta jokalariak konfiantzarekin egongo dira.
Damir Markotak minutu onak jokatu zituen Valladoliden, eta kroaziarrak argi utzi du taula azpian eta hiruko jaurtiketetan laguntzeko prest dagoela. Gainera, Bilboko entrenatzaileak atseden minutu gehiago eman ahal izango dizkio German Gabrieli.
Talde beltza hirugarren da B multzoan, Cedevita Zagreben eta Dinamo Sassariren atzetik, baina azkenengo sailkatuaren aurka aurrerapausoa emateko aukera izango du. Spirou Charleroik Eurokopako norgehiagoka guztiak galdu ditu, eta Bilbao Basketek bere bosgarren garaipena bilatuko du.