Bilbao Basket
Eurokopa
Pueyo: 'Konfiantzarekin gaude eta maila hobetu dugu'
Erredakzioa
Bilboko prestatzaileak Oldenburgen kontra 'finala' jokatuko dutela aitortu du, eta jokalari guztiak 'jokatzeko gogoarekin' daudela onartu du.
-
Rafa Pueyo. Argazkia: EFE
Rafa Pueyo Bilbao Basketeko teknikariak Eurokopako taldeak "gutxietsi" egiten direla azaldu du prentsaurrekoan, Oldenburgen aurkako partidaren aurretik.
"Saskibaloira Endesa Ligan soilik jokatzen dela dirudi. Valentziak, adibidez, bederatzi garaipen daramatza Endesa Ligan, baina hil edo biziko neurketa jokatu beharko du Villeurbanneren kontra", esan du entrenatzaileak.
Bilbao Basketek "finala" jokatuko duela aitortu du, Alemaniako taldea bost puntu baino gehiagoko aldearekin gainditu beharko baitu.
"Bost puntuko aldearekin irabazi behar izanez gero, azkenengo laurdenera arte ez dugu horretan pentsatu beharko. Puntu bakarreko aldearekin irabaztea nahiago nuke, baina ezberdintasuna garrantzitsua izan daiteke", azaldu du Pueyok.
Bizkaiko taldeak azkenengo hiru norgehiagokak irabazi ditu Endesa Ligan, eta "dinamika" horrekin jarraitu nahi du. "Konfiantzarekin gaude, eta maila hobetu dugu", esan du Rafa Pueyok.
Bertans eta Kavaliauskas minduta daude, baina jokalari guztiek jokatzeko gogoa dutela onartu du entrenatzaileak.