Itxi

Bilbao Basket

Endesa Liga

Bilbao Basketek seigarren garaipena nahi du

Erredakzioa

Hervelle baja da CAI Zaragoza Miribillan hartzeko. Bertansek, aldiz, hobera egin du eta jokatzeko moduan da. Neurketa zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, 12:15etik aurrera.

  • Bilbotarrek etxean jokatutako hiru partidak irabazi dituzte. Efe.

    Bilbotarrek etxean jokatutako hiru partidak irabazi dituzte. Efe.

Bilbao Basketek CAI Zaragoza hartuko du igandean, Miribillan, Ligako seigarren garaipena lortu eta onenen artean jarraitzeko helburuarekin. Sito Alonsok  ezin izango du Axel Hervelle erabili, baina bai Dairis Bertans. Honek proba bat egin du azken orduan eta jokatzeko moduan dagoela erabaki du.

Neurketa zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, 12:15etatik aurrera.

Hervelle min hartuta egoteaz gain, Sito Alonsok beste jokalari batzuk kili-kolo dauzka: Alex Mumbru eta Dejan Todorovic, esaterako. Kataluniarrak arazo muskularrak dauzka; Todorovicek, aldiz, edema txiki bat du eskuin hankako behatzean.

Miribillako zaleen babesa kontuan hartzeko gauza izango da; izan ere, bilbotarrek etxean jokatutako hiru partidak irabazi dituzte: Fuenlabradaren, Murtziaren eta Sevillaren aurka. Eta nahiko erraz, gainera.

Bi taldeen arteko azken bost norgehiagoken balantzea bizkaitarren aldekoa da, 4 eta 1, baina zaragozarrek Bilbon jokatutako azken partida irabazi zuten (77-86), iazko Ligako lehen jardunaldian.