Bilbao Basket
Aro baten amaiera?
Bilbao Basket: Javi Salgadok taldea utz dezake
Jon Lopez
Erredakzioa
Fotis Katsikaris entrenatzaileak Santutxukoari esan dio taldeko hirugarren antolatzailea izango dela. Salgadok azken bederatzi denboraldietan bere taldea izan dena utz dezake.
Fotis Katsikaris Bizkaia Bilbao Basketeko entrenatzaileak klubeko atea ireki dio Javi Salgadori. Greziarrak Santutxukoari taldeko hirugarren antolatzailea izango dela esan dio.
Berria lehengo asteartean eman zion Katsikarisek Salgadori. Antolatzailea klubaren bulegoetan izan zen laster egingo dioten pubis ebakuntzari buruz hitz egiteko, eta prestatzaile greziarrak datorren denboraldirako dituen asmoak ere jakinarazi zizkion Santutxuko jokalariari.
Azken asteotan zabaldutako zurrumurrua konfirmatu zuen. "Taldeko hirugarren antolatzailea izango zara", esan zion Katsikarisek Salgadori. Bizkaia taldeko entrenatzaileak fisikoki sendoagoa den joko-antolatzailea fitxatu nahi du eta Javi Rodriguez gustukoagoa du bigarren antolatzaile izateko. Hortaz, Salgado minuturik jokatu gabe gera daiteke datorren denboraldian.
Bilbao Basketeko kapitainari, hortaz, arazoa sortu zaio taldean eta hura konpondu beharko du azken bederatzi denboraldietan taldean izan ostean. Ez da Santutxukoaren talde aldaketaz hitz egiten den lehenengo aldia, baina oraingo honetan gauzak okerrago daude.
Txus Vidorreta taldetik at da dagoeneko, Javi Salgadok aukera asko ditu taldea uzteko eta aro berriari ekingo dio Bilbao Basketek. Miribilako Pabilioiak baldintzatuko du talde bilbotarraren bidea. Hasteko, kirol-arloan aldaketa asko eginda ekingo diote bideari.