Itxi

Bilbao Basket

Miribilla, 19:15ean

Miribillaren babesa, Real Madrili irabazteko Bilbao Basketen giltza

Agentziak | Erredakzioa

Bilbotarrak duda-mudati azaldu ziren lehendabiziko jardunaldian, eta garbi galdu zuten Madrilen Fuenlabradaren aurka (82-68).

  • Tim Kempton pibot estatubatuarra errebote bat bereganatzen aurreko jardunaldian. EFE

    Tim Kempton pibot estatubatuarra errebote bat bereganatzen aurreko jardunaldian. EFE

RETAbet Bilbao Basketek uste osoa dauka bere zaleen babesa izango duela Real Madrili Miribillan irabazi ahal izateko. Partida zaila izango da bilbotarrentzat, Carles Duranek zuzentzen duen taldeak ez baitzuen itxura onik eman ligako hasierako partidan Fuenlabradaren aurka (82-68), eta aurrez aurre izango duen aurkaria ez baita badaezpadakoa.

Sergi Llull lesionatua baja izango den arren, Pablo Lasok talde indartsua eta zabala dauka bere eskura. Horien artean nabarmentzekoak dira kanpoko jokalariak, besteak beste, Luka Doncic esloveniarra, 18 urterekin Europako txapeldun izan dena aurtengo udan bere selekzioarekin; Facundo Campazzo argentinarra edo Fabien Causeur frantziarra. Baita zona barruan aritzen diren Anthony Randolph edo Gustavo Ayon mexikarra ere.

Bosteko indartsu horri eta gainerako jokalari zuriei aurre egiten saiatuko dira Alex Mumbru eta Axel Hervelle beteranoak eta haiekin batera arituko dira Jonathan Tabu joko-antolatzailea, Lucio Redivo, Dejan Todorovic eta Pere Tomàs hegalekoak eta Mickell Gladness pibota.

Redivo argentinarrean esperantza ugari ditu jarrita Bilboko taldeak. Ricardo Fischer, Dejan Todorovic, Shane Hammink, Tim Kempton eta Vasilije Vucetic jokalariek osatzen duten bigarren unitatearengandik, aldiz, duten gaztetasunak ematen duen bizitasuna espero da.

Javi Salgado eta Borja Mendia bilbotarrek osatzen dute Duranen taldea.

Dena dela, Bilbao Basketek irabaztea ez litzateke horren arraroa izango; izan ere, 8 aldiz lortu baitute madrildarren aurka jardun duten 30 alditan. Azkenekoz, 2014-2015 denboraldian izan zen (89-79). Harako hartan Hervelle nabarmendu zen (17 puntu, 8 errebote eta 20 puntuko batez besteko balorazioarekin).