Itxi

Bilbao Basket

Eurokup

Bilbao Basketek Lietuvosi irabazi behar dio sailkatzeko aukerekin jarraitzeko

Agentziak | Erredakzioa

Bilbotarrek lituaniarren aurrean lortu zuten orain arte Europako txapelketan duen garaipen bakarra, eta geroztik aurrera lau porrot pilatu ditu jarraian.

RETAbet Bilbao Basketek irabazi egin behar du asteazken honetan Lietuvos Rytasen aurka jokatuko duen partida, Eurokopa txapelketako hurrengo fasera sailkatu ahal izateko aukerak bizirik mantentzeko. Norgehiagoka Bilbao Arenan (20:30ean) izango da, eta lehiak final itxura dauka beltzezko gizonentzat.

Bilbotarrek lituaniarren aurrean lortu zuten orain arte Europako txapelketan duen garaipen bakarra, eta geroztik aurrera lau porrot pilatu ditu jarraian, batez beste ia 95 puntu jasota, horietako hiru etxean. Horrek egoera zaildu die Carles Duranen jokalariei Top 16ra sailkatzeko.

Lituanian lortutako garaipenak (83-93) ilusioa piztu zuen Bilboko zaleen artean, joan zen urtean txapelketatik at oso arin geratu eta gero. Partida horretan sei jokalarik 10 puntu baino gehiago sartu zituzten, eta batez ere Dejan Todorovic (20 puntu, 7 errebote eta 26ko balorazioa) eta Mickell Gladness (12, 7 eta 18) nabarmendu ziren.

Bi garaipen dituen eta sailkapenean hirugarren doan Lietuvosi dagokionez, beltzezko gizona izandako Loukas Mavrokefalidis (15, 3 eta 18) ACBn aritutako Jimmy Baron (16, 6 eta 19) izan ziren jokalari azpimarragarrienak.

Multzoko buruan Lokomotiv Kuban dago lau garaipenekin. ALBA Berlin bigarren doa, partida bat gutxiago irabazita. Hirugarren eta laugarren Lietuvos eta Limoges daude, bi garaipenekin berdinduta, eta sailkapeneko azken postuetan Bilbao Basket eta Partizan agertzen dira, norgehiagoka bakarra erdietsita.