Bilbao Basket
Hirugarren jardunaldia
Bilbao Basket-Real Madril: Maila altuko azterketa ACBko liderrarentzat
Erredakzioa
Fotis Katsikarisen jokalariek lidertzaren defentsari ekingo diote talde zuriaren aurka (larunbatean, 18:00etan) Bilbao Arena kantxa estreinatu berrian.
Manresan eta etxean PE Valentziaren aurka Bizkaiak lortutako garaipenek historian bigarrenez jarri dute taldea sailkapenaren goren-gorenean. Gainera, ilusioaren garra berpiztu dute Bilbao Basketen zaleen artean.
Partidak Martin Ranciken agurra ekarriko du. Axel Hervellen lesioak Bilbao Basketen ateak berriro ireki zizkion hegaleko pibot eslovakiarrari. Bi asteko kontratua egin zioten eta liga hasiera bikaina egin du.
Rancik Bilbao Basketeko jokalaririk onena izan zen Valentziaren aurka eta lan eskerga egin du, taldearen proiektua sakonki barneratuz. Katsikarisi Real Madrilen aurkako partida jokatu nahi zuela adierazi zion, "taldeari garaipena lortzen laguntzeko", Caja Laboralera abiatu aurretik.
Javi Rodriguez, Hervelle bezalaxe, baja izango da, denboraldi aurretik min hartuta baita antolatzaile galiziarra. Honek ere luxuzko ordezkoa izan du, Josh Fisher lana bikain egiten ari baita.
Real Madrili irabaziz gero, Bizkaia Bilbao Basketek inoizko liga hasierarik onena egingo luke, sekula ez baititu aurreneko hiru partidak irabazi. Real Madrilen aurkako azken hiru neurketetatik bi irabazi ditu talde bilbotarrak.