Bilbao Basket
Bilbao Arenan
Bilbao Basket-DKV Joventut (85-92): Denboraldiko laugarren porrota
Josu Bilbao
Erredakzioa
Katsikarisen mutilek ezin izan diote atsedenaldiaren ostean markagailuari buelta eman, lehen bi laurdenak gaizki jokatu eta gero. Katalanen defentsa bikaina izan da partidako lehen zatian.
Bilbao Basketek ezin izan dio partidari buelta eman, markagailuan 23 puntu atzetik joan eta gero. Bilbotarren erreakzioa hirugarren laurdenean etorri da, eta nahiz eta 3 puntura jartzea lortu duten, Joventuten defentsa erabakigarria izan da.
Kanpoko taldeak ezin hobeto hasi du norgehiagoka, defentsa eta eraso bikaina tartekatuz eta 0-7ko aldea lortuz. Bilbotarren erreakzioa Janis Blumsen bi hirukori esker etorri da, baina talde beltzaren erasoa motelegia eta estatikoegia izan da. Norelek nahi izan duena egin du taula azpian eta DKV 13 puntuko aldearekin joan da bigarren laurdenera (12-25).
Bigarren partziala Katsikarisen gizonak erasoan sendoago hasi dira, baina akats larria izaten jarraitu dute. Pepu Hernandezen taldearen defentsa gogorra eta eraginkorra izan da eta berdeek markagailuan aldea handitu dute. Jelinekek bi hiruko lortu ditu jarraian eta Badalonakoek 20 puntuko aldea lortu dute (21-41). Jaurtiketa libreetatik gaizki ibili dira bilbotarrak eta atsedenaldira 29-49 joan dira.
Hirugarren laurdenean Bilboko taldearen erreakzioa etorri da Janis Blumsen eskutik. Letoniarrak hiruko garrantzitsual lortu ditu eta etxekoak 9 puntura jarri dira (45-54). Hala ere katalanek erasoan sakatu egin dute eta Triasen bi hirukori esker kanpokoak 52-67 jarri dira markagailuan agintzen. Azken laurdenera, Katsikarisen mutilak 57-67 heldu dira markagailuan hamar puntu azpitik.
Azken laurdenean Bilbao Basketek ederki antolatu du erasoa eta Vasileaidisen lortutako puntuei esker, 3 puntura jarri dira markagailuan (69-72). Jokalari greziarrak hiruko garrantzitsuak lortu ditu talde beltzarentzat, baina Carl Englishek ere ez du hutsik egin hiruko marratik. Horrela katalanek garaipena lortu dute (85-92) defentsan oso sendo jokatu eta gero.
- Fitxa teknikoa:
85.- Bizkaia Bilbao Basket (12+17+28+28): Aaron Jackson (9), Blums (22), Warren (6), Banic (11) eta Mavroeidis (2) -hasierako bostekoa-; Javi Rodriguez (3), Vasileiadis (13), Mumbrú (9), Hervelle (3) eta Sonseca (7).
92.- DKV Joventut (25+24+18+25): Russell Robinson (5), Jelinek (12), Hosley (13), Norel (15) eta McDonald (14) -hasierako bostekoa-; Franch (3), English (15), Pere Tomas (3), Flis (-), Trias (11) eta Llovet (1).
Partzialak: 12-25, 29-49 (atsedenaldia); 57-67 eta 85-92 (amaiera).