Itxi

Bilbao Basket

Ofiziala

Alex Mumbru, Bilbao Basketeko entrenatzaile berria

Erredakzioa

RETAbet Bilbao Basketek jakinarazi du Mumbruk zuzenduko duela taldea Urrezko LEB mailan. Jorge Elorduy izango da bigarren entrenatzailea eta Rafa Pueyo, kirol-zuzendaria.

  • Alex Mumbru. Argazkia: EiTB

    Alex Mumbru. Argazkia: EiTB

RETAbet Bilbao Basketek ofizial egin du Alex Mumbru izango dela taldeko entrenatzaile berria Urrezko LEB mailan. Jorge Elorduy izango da bigarren entrenatzailea eta Rafa Pueyo, kirol-zuzendaria.

Alex Mumbru taldeko jokalaria eta kapitaina izan da duela gutxi amaitu den denboraldira arte. Entrenatzaile gisa izango duen lehen esperientzia izango da. Klubaren historiako saskiratzaile onena da, eta Aito Garcia Reneses, Txus Vidorreta, Fotis Katsikaris, Pepu Hernandez, Sergio Scariolo eta Joan Plaza izan ditu entrenatzaile jokalari izan denean.

Jorge Elorduy izango du laguntzaile Mumbruk, bigarren entrenatzaile karguan. Elorduyk ezagutzen du Urrezko LEB maila, Melilla taldeko bigarren entrenatzailea izan baitzen 2009. urtetik 2011. urtera arte. Bilbao Basket LEB 1 mailan egon zenean, Bilboko taldeko staff teknikoko kidea izan zen. Horrez gain, Paraguaiko emakumeen selekzioa zuzendu zuen, baita Asuncion hiriburuko Club Libertad taldea ere.

Bestalde, Rafa Pueyo izango da kirol-zuzendaria. Txus Vidorretaren laguntzailea izan zen Bilbao Basket ACBra igo zenean, eta Fotis Katsikarisen laguntzailea ere izan zen. Guztira, 13 denboraldi eman zituen klubean Rafa Pueyok. Gainera, 2013-2014 denboraldian Bilbao Basketeko lehen entrenatzailea izan zen. EBA Ligako CD Estela taldetik dator Pueyo.

Bilbao Basketek jakinarazi du uztailaren 10ean aurkeztuko duela talde teknikoa Bilbao Arenan, 12:00etan.