Itxi

Bilbao Basket

'Caja Magica' pabilioian

Real Madril-Bilbao Basket (76-72): Beste porrot bat

Josu Bilbao

Erredakzioa

Katsikarisen mutilek azken segundora arte markagailua iraultzen saiatu dira, baina Ettore Messinaren mutilak nagusi izan dira norgehiagoka osoan.

Bilbao Basketek ezin izan du ezustekoa eman Madrilen, Messinaren mutilek ondo mantendu dutelako lehen laurdenean lortu duten aldea. Bizkaitarrek azken segundora arte dena eman dute, baina Prigionik ez du jaurtiketa libreetako marratik huts egin eta Real Madrilek garaipena lortu du (76-72).

Lehen laurdenean Ettore Messinaren mutilek asko sakatu dute erasoan, eta Bilbao Basketek asko sufritu du defentsan. Prigionik ederki gidatu du talde zuria eta etxekoak 15-4 joan dira markagailuan, bilbotarren ahultasunaz aprobetxatuz. Katsikarisen taldeak ezin izan ditu madrildarren saskiraketak gelditu, baina lehen laurdeneko azken minutuetan markagailua apaintzea lortu dute (21-14).

Bigarren laurdenean bilbotarrek asko hobetu dute erasoan eta hiruko marrako saskiraketak heltzen hasi dira. Vasileaidisek saskiraketa garrantzitsuak lortu ditu beltzentzat eta Bilbao Basketek konfiantza hartu du. Bizkaitarrak puntu batera jarri dira (24-23), baina Felipe Reyesen lan bikainak 36-32 utzi du markagailua atsedenaldia baino lehen.

Hirugarren laurdenean Messinaren taldeak berriro asko sakatu du erasoan eta saskiraketa garrantzitsuak lortu ditu. Llulek eta Prigionek ederki gidatu dute taldea eta zuriek 53-45ekoa jarri dute markagailuan. Hala ere, Bilbao Basketek ondo eutsi die madrildarrei eta Vasileaididen eta Mavroeidisen puntuei esker, Katsikarisen taldea 58-52 joan dira azken laurdenera.

Azken laurdenean talde beltza Warrenen eta Jacksonen bitartez markagailua iraultzen saiatu da, baina madrildarrek kalitate handia erakutsi dute saskiraketa ederrak lortuz (67-57). Aaron Jacksonek bi saskiraketa lortu ditu eta Vasileaidisek hiruko garrantzitsu bat eta bizkaitarrak 3 puntura jarri dira markagailuan (75-72). Hala ere, Pablo Prigionik ez du jaurtiketa libreetako marratik huts egin eta garaipena etxean gelditu da (76-72).

. Fitxa teknikoa:

76 - Real Madril (21+15+22+18): Tomic (10), Prigioni (14), Suarez (8), Reyes (6) eta Llull (9) -hasierako bostekoa-, Rodriguez (1), Tucker (9), Velickovic, Fischer (4), Begic (2) Vidal eta Mirotic (13).

72 - Bizkaia Bilbao Basket (14+18+20+20): Fisher (5), Banic, Mumbru (6), Hdez-Sonseca (3) eta Blums (4) -hasierako bostekoa-, Warren (10), Jackson (8), Mavroeidis (12), Hervelle (6) eta Vasileiadis (16).