Itxi

Bilbao Basket

KONTRATU BERRITZEA

Ben Lammers, bi urtez gehiago Bilbao Basketen

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Pibot estatubatuarrak 21 minutu jokatu eta 10,1 puntu sartu ditu batez beste bukatu berri den Urrezko LEB txapelketan.

  • Ben Lammers

    Ben Lammers. Argazkia: @CDBILBAOBASKET

Ben Lammers pibot estatubatuarrak bi urtez luzatu du kontratua datorren urtean ACB ligan jokatuko duen RETAbet Bilbao Basket taldearekin.

Lammers (2,08 metro eta 23 urte) joan zen denboraldiaren hasieran iritsi zen Bilbora, Alex Mumbruren aginduetara Urrezko LEB ligan aritzeko. Aurretik, Georgia Tech unibertsitatean jardun zuen, eta bertan 14,2 puntu sartu, 9,2 errebote harrapatu eta 3,4 txapel jarrita neurketa bakoitzeko.

Europan aritu den lehen aldian, 21 minutu jokatu eta 10,1 puntu sartu ditu, batez beste. Gainera, lehiaketako txapel-jartzaile onena izan da (2,09), balorazioen alorrean zazpigarren tokia lortu du (16,32), baita bederatzigarren lekua ere erreboteen sailkapenean (6,6).

"Lammers jokalari garrantzitsua izan da denboraldi osoan zehar zein ACBrako igoera erdiesterakoan. Defentsako arloan, berme bat da aurkariei duda-mudak sortzeko duen ahalmenagatik eta daukan adimenagatik. Horrek arerioen asmoa zein den aurreikustea eta haiei aurre hartzea ahalbidetzen dio", nabarmendu du Rafa Pueyo Bilbao Basketeko kirol-zuzendariak.