Itxi

Bilbao Basket

KONTRATU BERRITZEA

Jaylon Brownek urtebetez berritu du Bilbao Basketekin

AGENTZIAK | EREDAKZIOA

Eskolta estatubatuarrak 11,6 puntu sartu eta 2,3 asistentzia banatu zituen batez beste joan zen denboraldian.

  • Jaylon Brown

    Jaylon Brown. Argazkia: @CDBILBAOBASKET

Jaylon Brown eskolta estatubatuarrak, joan zen denboraldian Bilbao Basketek Urrezko LEB Ligatik ACBrako igoera lortzeko ibilbidean jokalaririk nabarmenetakoa izan zenak, beste urtebetez berritu du Bilboko taldearekin zeukan lotura.

Brownek (24 urte) 11,6 puntu sartu eta 2,3 asistentzia banatu zituen batez beste joan zen denboraldiko liga erregularrean. Gainera, puntu kopuruen batez bestekoak gora egin zuen play-offetan (12,1), % 48,5ekoa izanik hiruko jaurtiketetan azaldu zuen eraginkortasuna.

Rafa Pueyo Bilbao Basketeko kirol-zuzendariak hitzetan, Brown "oso garrantzitsua izan zen joan zen denboraldiko kirol arrakasta erdiesteko. Taldeko saskiratzaile nagusiena izan zen, baina, horrez gain, konpromiso handia erakutsi zuen defentsa lanetan ere".

"Espero dugu gurekin emango duen bere bigarren denboraldian beste aurrerapauso bat ematea, egunero lan handia egiten duen jokalari gaztea baita", gaineratu du Pueyok.

Brownen jarraipenarekin, Bilbao Basketek dagoeneko bost jokalari ditu hitzartuta datorren denboraldiari begira; izan ere, aurretik, Ben Lammers estatubatuarrak eta Thomas Schreiner joko-antolatzaile austriarrak euren kontratuak luzatu zituzten, eta taldeak Axel Bouteille hegaleko frantziarra eta Rafa Martinez eskolta katalana fitxatu ditu.