Bilbao Basket
Bigarren partida
Bilbao Basket-P.E. Valentzia (79-75): Garaipen historikoa
Erredakzioa
Bizkaiko taldeak bigarrenez irabazi dio Power Electronics taldeari eta ACBko play-offetarako finalerdietarako sailkapena lortu du historian estreinakoz.
Bizkaia Bilbao Basketek Power Electronics Valentzia garaitu du 879-75) eta historian lehendabiziz ACB Ligako finalerdietarako sailkapena erdietsi du.
Etxekoek berehala hasi dute lana. Minutu gutxi behar izan dira Katsikarisenek hirugarren partida nahi ez zutela ikusteko. Play-offa Bilbao Arenan erabaki nahi zuten. Warrenen puntuetan oinarrituta, Bilboko taldeak lehenengo laurdena lau puntu goitik amaitu du (27-23), errenta eskasa etxekoen nagusitasuna ikusita.
Bigarrenean, Power Electronics Valentziak erritmoa hartu du eta nagusituz joan da noraezean ibili den Bilbao Basketen aurrean. Gainera, Bilboko pibotak falta asko pilatu dituzte eta komeriak izan dituzte Hernandez-Sonseca falta zela kontuan hartuta. Valentziako taldeak zortzi puntugatik irabazi du laurdena eta lau puntuko aldearekin hartu du aldageletarako bidea (41-45).
Atsedenaldiaren ostean, Bizkaia Bilbao Basketek, Axel Hervelleren eskutik, puntu-jarioa itxi ahal izan du eta markagailuaren nagusitasuna berreskuratu du. ''Beltzezko gizonek'' puntu bateko aldearekin ekin diote azken laureen erabakigarriari (57-56).
Azken laurdenean erabaki da bai partida eta baita kanporaketa ere. Bizkaiak prezipitazio handiarekin jokatu du eta ondorioz, jaurtiketa asko huts egin ditu. Valentziak, dena alde izan duenean, ez du partida erabakita uzteko gaitasunik erakutsi eta Mumbruk eta Vasileiadisek puntu bat goitik jarri dituzte etxekoak.
Azken segundoetan txanponaren bi aldeak. Aurpegia Bizkaiarentzat, gurutzea Valentziarentzat. Kostas Vasileiadisek asmatu egin du, Omar Cookek, aldiz, kale. Ondorioz, Bilbao Basketek garaipen historikoa lortu du, ACB Ligako finalaurrekoetako play-offerako sailkatuta. Real Madril du zain Bilbao Basketek.