Itxi

Bilbao Basket

79-75

Bilbao Basket nagusitu da Baskoniaren aurkako euskal derbian

Erredakzioa

Bilboko taldeak garaipena lortu du 79-75eko emaitzarekin Endesa Ligako laugarren jardunaldiko partidan.

6:22
Bilbao Basket - Baskonia. Argazkia: EFE

RETAbet Bilbao Basketek garaipena lortu du Kirolbet Baskoniaren aurka (79-75), Endesa Ligako laugarren jardunaldiko euskal derbian. Bilbao Basketen balantzea hiru garaipen eta porrot batekoa da; Baskoniarena, aldiz, hiru porrot eta garaipen bakarrekoa.

Agintzen hasi du partida Bilbao Basketek, eta etxeko taldea nagusitu da lehen minutuetan (5-1). Baskoniak lan eskerga egin behar izan du aurkariak markagailuan ihes ez egiteko. Bost puntuko abantaila eskuratu du Bilbao Basketek, baina, Arabako taldeak puntu bakarrera murriztu ditu aldeak (10-9). Ondoren, bost puntuko abantaila lortu du berriro Mumbruk zuzentzen duen taldeak (14-9), eta lau puntuko errenta eskuratu dute beltzezko gizonek lehen laurdenaren amaieran (18-14).

Bigarren laurdenaren hasieran ere, kosta egin zaio Baskoniari partidan sartzea, eta Bilboko taldeak hamar puntuko abantaila lortu du (34-24). Kirolbet Baskoniaren unerik kaskarrenetakoan, Fall agertu da, lau puntu jarraian sartuta desabantaila txikitzeko (34-28). Shengeliari teknika adierazi diote, eta Bilbao Basketek zuloa ireki du berriro (40-31). Perasovicek zuzentzen duen taldea suspertu egin da bigarren laurdenaren azken txanpan, eta neurketa berdindu du (40-40) atsedenaldira iristeko 20 segundo falta zirenean. Azken jabetza Bilbao Basketek izan du, eta etxeko taldea aurretik joan da aldageletara Balvinen saskiratzeari esker (42-40).

Atsedenaldiaren ostean, RETAbet Bilbao Basketek abantaila hartu du (45-40), baina Kirolbet Baskoniak neurketa berdindu du (46-46 eta 50-50), eta aurretik ere jarri da (50-52) hirugarren laurdena amaitzeko 3 minutu eta 34 segundo falta zirenean, baina Bizkaiko taldeak azkar erantzun du, berriro aurrea hartuz (53-52). Neurketa berdinduta heldu da (55-55) laurdenaren azken segundoetara, eta Bilbao Basket bi puntuko errentarekin iritsi da (57-55) azken laurdenera.

Amaierako hamar minutuetan, parekotasuna izan da nagusi. Etxeko taldeak sei puntuko errenta izan du une baten (63-57), baina Baskonia erne ibili da, eta ez dio ihes egiten utzi (65-64). Norgehiagoka berdinduta iritsi da azken hiru minutuetara (69-69). Bilboko taldeak bost puntuko abantaila hartu du azken bi minutuetan. Errenta hori, ordea, bi puntura murriztu du Baskoniak (77-75) amaierarako 28 segundo falta zirenean. Talde bizkaitarrak baloia galdu du azken segundoetan, baina epaileen erabaki eztabaidagarriak Bilbao Basketi eman dio jabetza, azken segundoetan. Baskoniak falta egin behar izan du, eta Schreinerrek bi jaurtiketak sartu ditu. Azken jabetzan, Baskoniak ez du asmatu, eta garaipena Bilbao Basketentzat izan da (79-75).

Fitxa teknikoa:

79 - RETAbet Bilbao Basket (18+24+15+22): Rousselle (3), Rafa Martínez (7), Bouteille (8), Sulejmanovic (2) eta Balvin (13) —hasierako taldea—; Schreiner (4), Jaylon Brown (11), Sergio Rodriguez (2), Kulboka (7), Cruz (10) eta Lammers (12).

75 - Kirolbet Baskonia (14+26+15+20): Henry (13), Shields (11), Garino (5), Shengelia (14) eta Fall (6) —hasierako taldea—; Stauskas, Janning (10), Pollonara (3), Diop (13) eta Eric.

Partzialak: 18-14, 42-40 (atsedenaldia); 57-55 eta 79-75 (amaiera).

Epaileak: Jacobo Rial, Luis Miguel Castillo eta Jordi Aliaga.