Bilbao Basket
ACBko finala
Regal Barcelona-Bilbao Basket, (74-64): Barçaren kalitatea nagusitu da
A.B.
Erredakzioa
Talde katalanak zer egiteko gai den erakutsi du eta hainbat jokalari erabilita taldeak maila ez duela jaisten ere argi geratu da. Gutxi egin ahal izan du Bizkaiak aurkaria geratzeko.
Bizkaia Bilbao Basketek galdu egin du Regal Barcelonaren aurka ACBko play-offetako finaleko lehen partida. Azken emaitza 74-64koa izan da eta Barça 1-0 aurreratu da finaleko emaitza orokorrean.
Partida erritmo biziarekin hasi zuten bi taldeek, baina minutuak aurrera joan ahala talde katalana abantaila hartzen hasi zen. Lehen hamar minutuak 26-12ko emaitzarekin bukatu ziren.
Bigarren laurdenari ongi ekin zion Bizkaiak. 0-4ko partzialarekin aldeak murrizten hasi ziren (26-16). Xavi Pascualen taldeak momentu txarrak pasa zituen une horietan eta Bilbao Basket zazpi puntura hurbildu zitzaien. Dena den, Barçak garaiz erreakzionatu zuen eta 12 puntuko abantailarekin iritsi ziren atsedenaldira (43-31).
Atsedenalditik bueltan etxeko taldea izan zen jaun eta jabe. Erraz eta gustora jokatu zuten katalanek eta 24 puntuko aldearekin bukatu zen hirugarren laurdena.
Azken laurdenean eman zuen itxura onena Bilbao Basketek. Etxeko taldea erlaxatu egin zen abantaila handia zeramalako eta Bizkaiak markagailua txukuntzeko aprobetxatu zituen azken minutuak. Garaipena etxeko taldeak lortu zuen 74-64ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
74. Regal Barcelona (26+17+21+9): Sada (2), Navarro (9), Perovic (5), Lorbek (24), Anderson (9) -hasierako bostekoa-, Rubio (-), Lakovic (2), Fran Vazquez (2), Ingles (3), Ndong (9), Morris (1) eta Grimau (8).
64. Bizkaia Bilbao Basket (12+19+9+24): Jackson (7), Mavroeidis (5), Mumbru (5), Hervelle (8), Blums (5) -hasierako bostekoa-, Warren (12), Fisher (6), Paco Vazquez (3), Banic (6) eta Vasileiadis (7).