Itxi

Bilbao Basket

Manresaren aurka

Bilbao Basketi ihes egin dio garaipenak bigarren luzapenean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Sailkapeneko azkenaren aurka jokatu du talde bizkaitarrak, baina emozioa ez da falta izan Nou Congost kantxan, izan ere, bakarra ez eta bi luzapen ere izan dituzte garailea hautatu ahal izateko.

Manresa 101 - Bilbao Basket 97

Ihes egin dio garaipenak Bilbao Basketi bigarren luzapenean, eta hortaz, porrota jaso du Endesa Ligaren 7. jardunaldian, garaipenez betetako bidetik nolabait alderatuz. Azter dezagun, bada, nolako gorabeherak bizi izan dituzten norgehiagokan zehar.

Lehen laurdenean, talde bizkaitarrak markagailua estreinatu du eta hasiera eman dio lehiari. Gutxira, ordea, puntuak gehitzen hasi da Manresa eta aurrea hartzera ere iritsi da. Azkenik, 24-18 bukatu da aurrena, talde kataluniarraren alde.

Bigarren laurdenean, Bilbao Basketek ezin izan du markagailua irauli eta Manresa jaun eta jabe izan da laurden guztian zehar, ezin izan baitio aurre egin. Atzetik estutzen saiatu izan da, 37-29 bukatu delarik bigarren laurdena.

Atsedenaldiaren ostean, lerro beretik hasi da laurdena Manresa nagusi izanik, hala ere, Mumbruk gidatutako taldeak asmatu egin du eta bere alde jarri du markagailua, hirugarren laurdena 59-61 emaitzarekin amaiera emanez.

Azken laurdenean, berriz, aurrekoetan bizitako tentsioa nabari izan da eta nor baino nor gehiago aritu dira bien arteko aldea minimoa izanik. Gauzak horrela, berdinketarekin bukatu da laurdena eta luzapenera deitu epaileak (79-79).

Luzapena hasi bezain pronto, bazirudien parekotasunak bere horretan jarraitzen zuela eta emozioa ez dela faltako Nou Congost kantxan, eta bete ere, izan ere, luzapen bakarra ez eta bigarrenera ere deitu behar izan du epaileak (88-88).

Bigarren eta azken luzapen honetan, talde bizkaitarak bosgarren garaipena eskuratzeko lanak egin ditu, baina Manresa nagusi izan da eta azkenean, talde kataluniarrak eskuratu du 7. jardunaldiko garaipena (101-97).