Itxi

Bilbao Basket

Entrenatzailearen berritzea

Alex Mumbruk bi denboraldirako berritu du Bilbao Basketekin

Agentziak | Erredakzioa

Klub bizkaitarraren esanetan, "albiste oso ona da, proiektuaren jarraipena bermatzen baitu"; Mumbruk dio "harro" dagoela, "Bilbao Basketeko buru izaten jarraitzeaz, ACB Ligan".

0:19
Alex Mumbrú seguirá dos años más

Alex Mumbru RETAbet Bilbao Basketeko entrenatzaileak bi denboraldirako berritu du talde bilbotarrarekin, klubak ostegun honetan ohar bidez jakinarazi duenez. Bilbao Basketen esanetan, berritzea "albiste oso ona da"; izan ere, "proiektuaren jarraipena bermatzen du".

"Bilbao Basketek eta Alex Mumbruk akordioa adostu dute, eta entrenatzaile bartzelonarrak ondorengo bi denboraldietan, beltzezko gizonen buru izaten jarraituko du", adierazi du klubak.

"2018an Urrezko LEB Ligan hasi zen proiektuaren jarraipena ziurtatzen du honek. Alex Mumbru lehen entrenatzailea izanik, ACBra denboraldi batean igotzea lortu zuen, bai eta urte eta erdian berriro ere Errege Kopan lehiatzea ere".

Klubaren hitzetan, "Bilbao Basket DNAren aldeko apustua sendotzen dugu; saskibaloia ulertzeko gure modua eguneroko lanean dago oinarrituta, eta horrek berriro ekarri die poza Bilbao Arenako zaleei. Nortasun horretako euskarrietakoa da entrenatzailea", azaldu dute.

Mumbru, "harro"

Berritzea baieztatuta, Mumbruk adierazi du "harro" dagoela, "proiektu honetako buru izaten jarraitzeaz, ACB Ligan".

"Espero dut denak ondo egotea, osasunari dagokionez, bai eta zuen senide eta lagunak ere. Bakarrik nahi nizuen esan Bilbao Basketek eta biok akordioa itxi dugula, eta beste urte pare bat emango ditudala hemen", azaldu du Mumbruk, klubak zabaldutako bideo labur batean.

Entrenatzailearen nahia da, halaber, zaleekin "laster" bildu ahal izatea Miribillan, "eta denok Bilbao Basketek sartutako saskiratze guztiekin hunkitzea".

"Aupa Bilbao Basket. Besarkada bana, eta osasuna guztiontzat", amaitu du Mumbruk.

RETAbet Bilbao Basketek kirol-zuzendari Rafa Pueyo pozik azaldu da Mumbruren berritzeaz: "Entrenatzaileak jarraitzea talderako pieza gakoa da, taldea azken bi denboraldietan bezain ondo ibiltzeko", adierazi du.

Mumbruk 70 partida ofizialetan zuzendu du Bilbao Basket, entrenatzaile gisa: Endesa Ligako 23, Urrezko LEB Ligako 41 (horietako bi Lauko Finalekoak izan ziren, eta playoffeko bost), Kopako bat, Printzesa Kopako beste bat, eta Euskal Kopako lau. Orain arte, 46 garaipeneko eta 24 porroteko balantzea du.