Itxi

Bilbao Basket

Akordioa

Tomeu Rigok beste denboraldi bat egingo du RETAbet Bilbao Basketen

eitb.eus

23 partida jokatu ditu 2019-2020 denboraldian talde bilbotarrarekin, horietako bost Endesa Ligako azken fasean eta beste bat Malagan jokaturiko Kopan

  • Tomeu Rigo

    Tomeu Rigo

Tomeu Rigo eskolta balearrak beste denboraldi bat egingo du RETAbet Bilbao Basket taldean, jokalariak eta klub bilbotarrak kontratua berritzeko lortu duten akordioaren ondoren.

23 urte eta 1.89 metroko altuera dituen jokalaria 2018an heldu zen Bilbora, taldea Urrezko LEB mailan zegoenean, eta horrela, datorrena bere hirugarren denboraldia izango da RETAbet Bilbao Basketen, talde bilbotarrak jakinarazi duenez.

Rigok 23 partida jokatu ditu 2019-2020 denboraldian talde bilbotarrarekin, horietako bost Endesa Ligako azken fasean eta beste bat Malagan jokaturiko Kopan. Urtebeterako berritu du kontratua.

Balearretako jokalariak adierazi du "oso pozik" dagoela beste urtebete jarraituko duelako RETAbet Bilbao Basketen jokatzen, eta egungo egoera "normalizatzea" espero duela, taldeko zaleak Mirbillan ikusi ahal izateko.

Bestalde, Rafa Pueyo RETAbet Bilbao Basketeko kirol zuzendariak ere esan du "oso pozik" daudela Rigok kontratua berritu duelako, "talde bezala zabaldu nahi ditugun baloreak bikain adierazten dituelako".

"Beti dena ematen duen jokalaria da. Norberaren luzimenduaren gainetik taldea jartzen du, eta entrenatzaileak esaten dioena egiten du taldea lehiatu dadin. Defentsako jokalari ona da, ongi jaurtitzen du eta energia asko ematen dio taldeari. Hobetzen jarraitzea eta denboraldi berrian laguntzea espero dut", adierazi du.