Itxi

Bilbao Basket

FITXAKETA

Regimantas Miniotas hegal-pibot lituaniarra fitxatu du Bilbao Basketek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Lituaniako Vytautas Prienu taldean aritu da orain arte, eta bertan 18,5 puntu, 10,5 errebote eta 2,8 asistentzia lortu ditu batez beste partida bakoitzean.

  • Regimantas Miniotas, Bilbao Basketen fitxaketa berria.

    Regimantas Miniotas, Bilbao Basketen fitxaketa berria. Argazkia: @bilbaobasket

RETAbet Bilbao Basketek Regimantas Miniotas Lituaniako hegal-pibota fitxatu du denboraldi amaierara arte, Bilboko taldeak igande honetan jakinarazi duenez.

Miniotas (Kedainiai, 24 urte; 2,08ko garaiera) Vytautas Prienu taldetik heldu da Bilbao Basketera, eta denboraldi honetan 18,5 puntu, 10,5 errebote eta 2,8 asistentzia lortu ditu batez beste Lituaniako LKL ligan.

Lituaniako selekzioarekin jokatu ohi du, eta une honetan hurrengo Eurobasketerako sailkatze-faseko partidak ari da lehiatzen. Hala, Danimarkaren aurkako lehendabiziko norgehiagokan Miniotasek 8 puntu eta 5 errebote lortu zituen 15 minututan. Alabaina, Baltikoko selekzioak galdu egin zuen (76-80).

Rafa Pueyo Bilbao Basketeko kirol zuzendariaren ustez, fitxaketa berria "sasoi onean dago, Lituaniako ligan egindako agerraldiek eta selekzio absolutuaren deialdian sartu izanak erakusten duten bezala".

Pueyok espero du Miniotasek, Arnoldas Kulboka herrikidearekin batera arituko denak, taldeari ekarpena egingo diola "errebotean, kanpoko jaurtiketan, beheko zutoineko jokoan eta pasean".