Bilbao Basket
Euroleague Basketball
Bilbao Basket-Fenerbache Ulker (70-73): Beste porrot bat Europan
A.B.
Erredakzioa
Bizkaiak partida osoan zehar egindako lan guztia behera bota du azken laurdenean eta garaipen lau norgehiagokatik bakarra irabazi du.
Bizkaia Bilbao Basketek beste porrot bat jaso zuen Fenerbache Ulkerren aurka Bilbao Arenan eta Top 16ra sailkatzea gero eta zailago jartzen ari zaie bizkaitarrei.
Partidari indartsu ekin zioten turkiarrek eta 0-4 irabazten hasi ziren. Bilbao Basketek, ordea, ez zion aurkariari abantaila hartzen utzi eta garaiz erreakzionatu zuen. Markagailua berdinduta joan zen hasierako minutuetan, baina Bizkaiak abantaila polita lortu zuen laurdenaren erdialderako (18-13). Baina turkiarrak ez zeuden aurkariari alde egiten uzteko prest eta beraiek bukatu zuten bost puntuko abantailarekin lehen laurdena (21-26).
Bigarren laurdenean Fotis Katsikarisek zuzentzen duen taldeak defentsa gogortu zuen eta Fenerbacheri gehiago kosta zitzaion saskiratzeak lortzea. Laurdena nahiko berdindua izan zen, baina azken uneetan bi taldeek huts asko egin zituzten. Atsedenaldira lau puntuko abantailarekin iristea lortu zuen Bilbao Basketek (36-32).
Atsedenalditik bueltan gogor kantxaratu ziren Fenerbache Ulkerrekoak eta aldeak murrizteaz gain markagailuan aurrea hartzea ere lortu zuten (38-39). Kosta egin zitzaion esnatzea Bilbao Basketi, baina berriro ere garaiz esnatu ziren. Pixkanaka jokoa hobetu zuen etxeko taldeak eta berriro abantailak lortzen hasi ziren. Hirugarren laurdena bost puntuko abantaila politarekin bukatu zuen talde bizkaitarrak (58-53).
Azken laurdenaren zati handi baten zehar markagailuan aurretik joan ziren etxekoak, baina azken minutuetan behera etorri ziren. Fenerbache Ulkerrek 0-12 partziala lortu zuen eta 67-71 aurretik jarri zen. Azken segundoetan sartutako hiruko bati esker puntu bakarrera kokatu ziren Katsikarisen mutilak, baina Ulkerrek ez zituen azken bi jaurtiketa libreak huts egin eta garaipena lortu zuten 70-73ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
70 - Bizkaia Bilbao Basket (21+15+22+12): Jackson (7), Vasileiadis (15), Mumbru (8), Hervelle (8) eta D'or Fischer (4) -hasierako bostekoa-; Raul Lopez (9), Josh Fisher (-), Grimau (-), Banic (17), Mavroeidis (2) eta Blums (-).
Entrenatzailea: Fotis Katsikaris.
73 - Fenerbahce Ulker (26+6+21+20): Ukic (4), Onan (8), Sefolosha (4), Gist (10) eta Vidmar (3) -hasierako bostekoa-; Jerrells (15), Preldzic (7), Bogdanovic (19), Peker (1) eta Savas (2).
Entrenatzailea: Neven Spahija.
Partzialak: 21-26, 36-32 (atsedenaldia); 58-53 eta 70-73 (amaiera).