Bilbao Basket
Endesa Liga
Fuenlabrada-Gescrap Bizkaia (82-73): Beste porrot bat
Erredakzioa
Katsikarisen mutilek ezin izan dute Madrileko taldea gainditu markagailuan azpitik izan baitira partida osoan. Azkenengo laurdenean heldu da Bilboko taldearen erantzuna, baina berandu izan da.
-
Fuenlabrada-Gescrap Bizkaia (82-73). Argazkia: EFE
Bilbao Basketek ezin izan du Fuenlabrada etxetik kanpora gainditu (82-73). Fotis Katsikarisen taldeak partida kaskarra jokatu du eta Madrileko taldeak garaipen erraza eskuratu du. Vasileiadisek eta Banicek markagailua iraultzeko ahaleginak egin dituzte, baina Gustavo Ayonek norgehiagoka erabakita utzi du.
Fuenlabrada nagusi izan da aurreneko laurdenean eta Ayonek eta Quino Colomek puntuak jarri dituzte markagailuan. Hala ere, Katsikarisen taldeak partida berdintzea lortu du Janis Blumsek lortutako hirukoei esker (15-15) eta Mavroeidisek markagailuan goitik jarri du Bilbao Basket (15-17). Gescrapek indarra galdu du erasoan eta Madrileko taldeak 24-19koa jarri du lehenengo laurdenaren bukaeran.
Bigarren laurdenean Madrileko taldeak erakustaldia eman du kantxan eta Bilboko taldeak ezin izan du defentsan eutsi. Penneyk 46-29koa jarri du markagailuan hiruko erabaki batekin eta Fuenlabradak partida erabat apurtu du. Atsedenaldian etxekoak izan dira nagusi 53-37ko markagailuarekin.
Atsedenaldiaren ostean, Gescrap Bizkaiak gehiago sakatu du erasoan eta barneko jokalariek puntu garrantzitsuak lortu dituzte markagailuko aldea murrizteko. Fuenlabradak soilik 7 puntu eskuratu dite hirugarren laurdenean eta Katsikarisen taldea lau puntura jarri da (60-54) Vasileiadisen jaurtiketa libreei esker.
Bilbao Basketek markagailua iraultzeko ahaleginak egin ditu azkenengo laurdenean, baina Gustavo Ayonek puntu erabakigarriak lortu ditu Fuenlabradarentzat. Pibot mexikarrak 80-71koa jarri du kontrareaso batean eta Gescrapek ezin izan du aldea murriztu. Vasileiadisek eta Banicek lan bikaina egin dute azkenengo laurdenean baina garaipena Madrileko taldeak lortu du (82-73).