Bilbao Basket
EUROLEAGUE
Fenerbahce-Gescrap Bizkaia (70-80): Garaipen borobila
ERREDAKZIOA
Katsikarisen taldeak Sinan Erdem Arenan irabazi eta multzoen faseko azken jardunaldira Top 16ean sartzeko aukerekin heldu da.
-
Gescrap Bizkaia Euroleaguen. Argazkia: EFE.
Bilbao Basketek Caja Laboralen aurka erabakiko du Top 16rako txartela lortuko duen edo ez. D'or Fischer (16 puntu) eta Roger Grimau (13) bikain aritu dira talde turkiarraren kontra.Fenerbahcen, Emir Preldzica jokalariak lortu zituen puntu gehien, 19.
Tentsioa mantenduz hasi zen neurketa. Bilbotarrak fin aritu ziren defentsan eta Fenerbahceren jokoari aurre egin zioten hasieratik. Arlo guztietan nabarmendu zen Gescrap, errebotean fin ibili ziren eta Jackson primeran aritu zen antolaketa lanetan. Taldea kontzentratuta zegoen eta emaitza alde jarri zuten (14-25).
Partida ondo bideratuta zegoen Katsikarisen taldearentzat, baina Fenerbahcek ez zuen norgehiagoka galdu nahi eta aldea txikiten hasi zen. Bigarren laurdenean sei puntura hurbildu baziren ere, laurdenaren bukaerara 11 puntuko aldearekin heldu ziren bilbotarrak. Do'r Fischerrek 14 puntu lortu zituen atsedenaldia baino lehenago. Etxeko taldean, Gist bakarrik nabarmendu zen 9 puntu lortuz hirugarren laurdena hasi aurretik.
Fenerbahce arduratuta zegoen, ezin baitzion Bizkaia Bilbao Basketen defentsa sutsuari aurre egin. Turkiako taldeak ezin zuen bere jokoa kantxartau eta etsita ikusi zitzaion. Gescrap ondo babestu zuen baloia erasoan, zein defentsan. Azken laurdenera 17 puntu goitik heldu ziren (50-67).
Turkiako taldea presarekin jokatzen hasi zen eta baloiak erraz galtzen zituen. Spahija entrenatzailea burumakur zegoen, ez baitzuen irtenbidea aurkitzen. Zaleak ere, neurketa bukatu aurretik Sinan Erdem Arena husten hasi ziren. Azkenean, nahiz eta 10eko aldera murriztu tartea, 70-80ko markagailuarekin bukatu zen neurketa. Orain bilbotarrak Caja Laboralen aurka neurtu beharko dituzte indarrak.
Fitxa teknikoa
70 - Fenerbahce Ulker (14+19+17+20): Ukic (11), Onan (6), Bogdanovic (11), Gist (11) eta Vidmar (-) -hasierako bostekoa-; Jerrells (9), Tomas (1), Preldzic (19), Peker (-) eta Savas (2).
80 - Gescrap Bizkaia (25+19+23+13): Jackson (11), Mumbrú (9), Banic (10), Hervelle (4) eta D'or Fischer (16) -hasirako bostekoa-; Josh Fisher (2), Grimau (13), Blums (9), Vasileiadis (3) eta Mavroeidis (3).
Epailea: Sasa Pukl (ESL), Boris Ryzhyk (UCR) eta Milija Vojinovic (SER). Kanporaketarik gabe.