Itxi

Bilbao Basket

ENDESA LIGA

Atzeratu egin dute Bilbao Basket – Unicaja neurketa, Bilboko taldean izandako positiboengatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Endesa Ligako 15. jardunaldiari zegokiona, bertan behera geratu da etxeko taldeari eragiten dion covid-19 kasu positiboen agerraldia dela eta. Hala jakinarazi zuen ACBk ohar baten bidez astearte gauean.

  • Bilbao Basketeko jokalariak Breoganen aurkako norgehiagokan.

    Bilbao Basketeko jokalariak Breoganen aurkako norgehiagokan. ARGAZKIA: EFE

Asteazken honetan (20:00) jokatzekoa zen Surne Bilbao Basket – Unicaja partida, Endesa Ligako 15. jardunaldiari zegokiona, bertan behera geratu da etxeko taldeari eragiten dion covid-19 kasu positiboen agerraldia dela eta. Hala jakinarazi zuen ACBk ohar baten bidez astearte gauean.

Bilbao Basketek astelehenean jakinarazi zuen 5 positibo agertu zirela taldean, eta horietako bi jokalariei zegozkiela, baina, hasiera batean, horrek ez zuen eragotzi partida jokatzeko asmoa. Hala ere, bilbotarrek beste proba batzuk egin zituzten asteartean zehar, eta positibo gehiago agertu ziren. Ondorioz, ACBk bilbotarren eta andaluziarren arteko lehia atzeratu egin behar izan du.

ACBk bere oharrean adierazi zuenaren arabera, laster jakinaraziko du koronabirusaren pandemiagatik atzeratutako partida hori jokatzeko data berria. Guztira, jardunaldi honetako bost partida atzeratu behar izan dira koronabirusaren eraginez.

Errege Kopa

Horren aurrean, ACBk urtarrilaren 30era arte luzatu du Endesa Ligako lehen itzuliaren amaiera, eta, bide batez, baita otsailaren 17tik 20ra jokatuko den 2022ko Granadako Errege Koparako sailkapena ere, pandemiak eragindako positiboen ondorioz atzeratutako partidak berreskuratu ahal izateko.

Astelehen honetan egindako batzarrean, klubek aho batez erabaki zuten "gehienez ere urtarrilaren 30era arte luzatzea" lehen itzuliaren (17. jardunaldia) amaierarako aurreikusitako epea, "atzeratutako partidak berreskuratzea eta talde guztien arteko lehia berdintasuna errazteko asmoz".

Aitzitik, lehen itzulirako aurreikusita zeuden partida guztiak urtarrilaren 30ean jokatuta ez baleude, ACBk "garaipenen eta porroten arteko portzentajea" hartuko luke aintzat Errege Koparako sailkatzeko irizpide nagusitzat, "lehen itzuliari dagozkion partidak bakarrik zenbatuz".