Itxi

Bilbao Basket

Bilbao Basketen garaipena

Kanporaketa iraultzea posible dela sinetsi du Gescrapek

Erredakzioa

Moskuko CSKAri aise irabazi diote bizkaitarrek (94-81) kanporaketako hirugarren neurketan. Urruneko jaurtiketetan asmatu eta Gescrapek garaipen garrantzitsua lortu du.

  • Gescrap-CSKA Miribillan. Argazkia: EFE

    Gescrap-CSKA Miribillan. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Gescrap Bizkaia: Jackson (13), Vasileiadis (20), Mumbru (12), D'Or Fischer (6), Hervelle (4) -hasierako bostekoa- Raul Lopez (8), Fisher (-), Banic (18), Blums (5), Mavroeidis (6), Grimau (2), Samb (-).

Moskuko CSKA: Teodosic (5), Siskauskas (5), Kirilenko (16), Khryapa (2), Krstic (22) -hasierako bostekoa- Vorontsevich (8), Lavrinovic (-), Kaun (2), Shved (15), Gordon (6), Siskauskas (5), Voronov (-).

Partzialak: 25-24, 22-16, 24-17, 23-24.

Moskuko CSKA handiari aise irabazi dio Gescrap Bizkaiak (94-81), eta ezustekoa eman du Miribillan. Horrela, CSKA laugarren partida jokatzera behartuko dute bizkaitarrek, Errusiako hiriburuan bi porrotjaso eta gero. Bilbotarrek jadanik ikaragarrizko arrakasta lortu dute Euroligan, izan ere, aurreneko parte-hartzea dute lehiaketan.

Fotis Katsikarisen mutilek partida bikaina borobildu dute eta minutuak pasa ahala hazi egin dira. Moskuko CSKA jipoitu eta gero Final Four-ean izateko ametsa bizirik dago. Andrei Kirilenkoren taldea Euroliga irabazteko faborito nagusia da eta NBAn lehiakor izango litzatekeela uste dute askok.

Bilbotarrak oldarka sartu dira kantxan onerako zein txarrerako. Onerako, Moskuko taldeak baino gogo handiagoa azaldu dutelako, eta txarrerako, gogo horrek bost faltak berehala egitea ekarri duelako eta Errusiako taldeak zortzi jaurtiketa libreak sartu dituelako. Hala ere, Katsikarisenek lehen laurdena markagailuan aurretik amaitu dute (25-24), izan ere, zortzi hiruko jaurti eta bost sartu dituzte.

Bigarren laurdenean aldea areagotu dute beltzezko gizonek (47-40). Marko Banicek taula azpian eta Vasileiadisek urruneko jaurtiketekin Jonas Kazlauskasen defentsa urratzen lagundu dute. Atsedenaldia baino lehen 11 puntu pilatu dituzte bi jokalariek.

Erasoko jaialdia ez da eten, eta jarraipena izan du atsedenaldiaren ostean. Mumbruk eta Jacksonek saskiratzeekin lagundu dute eta Gescrapek aldea areagotu du. Horrela, etxeko taldeak azken laurdena 14 punturen abantailarekin hasi du (71-57).