Bilbao Basket
ENDESA LIGA
Bilbao Basketek galdu egin du Burgosen, bi luzapenen ostean (104-97)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jaurtiketa libreetan egindako huts ugariek galbidera eraman zuten Bilboko taldea, nahiz eta 17 puntuko aldearekin irabazten ere egon ziren.
Surne Bilbao Basketek zazpi garaipeneko bolada positiboa eten zuen bart, Hereda San Pablo Burgosen aurka galduta (104-97). Bilbotarrak 17 puntuko aldearekin irabazten joan ziren zenbait unetan, baina partida amaieran oso garesti ordaindu zuten jaurtiketa libreetan azaldu zuten portzentaje kaskarra.
Bizkaiko taldeak ez zuen denbora asko behar izan bere jokoaren erakusgarriak plazaratzeko, eta 2-7 ihes egin zuen hasierako txanpan, oso eraginkor zebilen Damien Inglisen eskutik. Etxekoak, ordea, lehian sartu ziren, eta markagailua irauli zuten berehala (10-9), baita hiru puntuko errenta txikia lortu ere (18-15), baina Hakansonek amaiera ona eman zion lehen laurdenari, eta neurketa orekatuta amaitu zen (20-20).
Bigarren hamar minutuei ezin hobeto ekin zieten beltzezko gizonek, 0-10eko partziala lortu baitzuten tarte batean (25-34) Goudelocken esnatzearekin batera. Hala, atsedenaldiko markagailuak 37 eta 44ko emaitza erakusten zuen, bilbotarren joko onaren isla.
Aldagelatik bueltan, bizkaitarrak askoz hobeto moldatu ziren berriro ere, eta etxekoen uztaia zigortzen hasi ziren, kanpoko jaurtiketen bidez, 17 puntuko tartea zabaltzeraino (44-61).
Azken laurdenean, ordea, fedeak eta batez ere Marc Garciaren inspirazioak adorez eta zehaztasunez bete zuen etxeko taldea, eta, defentsa itogarria lagun, Munbruren taldearen erasoko jokoa erabat geldiaraztea lortu zuten, markagailua orekatu arte 30 segundo baino gutxiagoren faltan (81-81).
Ondoren, Andrew Goudelockek ez zuen sartu partida bereganatzeko hirukoa izango zena, eta, hartara, lehen luzapena iritsi zen.
Luzapen horretan bilbotarrek esku-eskura izan zuten garaipena; haatik, jaurtiketa libreetan izandako akats etengabeek eta Marc Garciak azken segundoetan erdietsi zuen hiruko izugarriak bigarren luzapena ekarri zuten (91-91).
Denbora gehigarri horretan, San Pablo Burgosek bi hiruko sartu zituen, Dani Diezena eta Phillipena, eta, ondoren, Angel Delgado Bilbokoen pibotak teknika deskalifikatzailea ikusi zuen aurkari batekin izandako tirabira baten ostean. Horrek guztiak behin betiko galbidea ekarri zion Bilbao Basketi
Fitxa teknikoa:
104- Hereda San Pablo Burgos (20+17+20+24+10+13): Renfroe (15), Phillip (11), Rabaseda (1), Eddie (10), Nnoko (8), -hasierako bostekoa-, Benite (16), Salash (-), Díez (9), Kullamae (-), Gamble (15), Marc García (19).
97- Surne Bilbao Básket (20+24+25+12+10+6): Luz (5), Goudelock (19), Inglis (23), Walker (9), Withey (7), -hasierako bostekoa-, Hakanson (10), Bigote (-), Rouselle (5), Delgado (10), Masiulis (6), Reyes (3).
Epaileak: Luis Miguel Castillo, Benjamín Jiménez, Fabio Fernández. Kanporatutako jokalariak: San Pablo Burgoseko Benite (45. min) eta Bilbao Basketeko Angel Delgado (49. min). Bilbao Basketeko jokalariak kanporatzeko teknika bat jaso zuen.