Itxi

Bilbao Basket

TXAPELDUNEN LIGA

Bilbao Basketek Lenovo Tenerife egungo txapeldunaren aurka jokatuko du asteartean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldeak bere dinamika negatiboa irauli nahi du. Partida eitb.eus-en ikusi ahal izango da, 20:30ean, zuzenean.

  • Hakanson

    Hakanson Murtziaren aurkako partidan. Argazkia: EFE

Surne Bilbao Basketek FIBA Txapeldunen Ligako Top 16ko hirugarren jardunaldiko partida jokatuko du astearte honetan, La Lagunan, Santiago Martin Kiroldegian, txapelketako egungo txapelduna den Lenovo Teneriferen aurka, 20:30ean. Partida eitb.eus-en zuzenean izango da ikusgai, baita ETB4n ere, baina kasu horretan diferituan, Aguas Santas Milaneza-Bidasoa partida amaitu ostean.

Bizkaiko taldea emaitzen krisi larrian iritsiko da Tenerifeko kantxara; izan ere, zortzi porrot jaso ditu azken hamar partidetan. Baina, batez ere, joko aldetik nabarmen egin du behera: denboraldi hasieran ez bezala, partidako azken minutuetan lehiatzeari utzi dio.

Porrot horietatik hiru Ligan izan dira (Girona, Joventut eta Santiago), eta bat Txapeldunen Ligan. Amaieran itxuratu zuten 90-72ko markagailua Murtzian, baina L multzoko lehen bi postuetako bat eskuratzeko aukera gutxiago ditu orain. Tenerifek lidergo sendoa du multzo horretan.

Europako txapelketako hirugarren fase honi Darüssafaka talde turkiarraren aurka (85-75) lortutako garaipenarekin ekin ondoren, UCAMen aurkako porrotak zaildu egin dio Surne Bilbaori ordura arte bikain bideratuta zeraman txapelketa.

Gainera, Monbus Obradoirori egindako bisitan, Ludde Hakanson, denboraldi honetako jokalari garrantzitsuena, lesionatu egin zen.

Tenerife-Surne Bilbao partidak aurrekari bat du denboraldi honetan Endesa Ligan: orduan, etxekoen garaipen argia izan zen (73-57), pibotak bikain aritu ostean: Gio Shermadini (20 puntu, 7 errebote, 2 tapoi eta 26ko balorazioa) etxeko taldean, eta Jeff Withey (15, 9, 3 eta 23) eta Michale Kyser (16, 6, 0 eta 18) Bilboko taldean.

Bilbao Basketen taldean, beste partida bat zegoen aurreikusita astearterako, Turkian: Darüssafaka-UCAM Murtzia. Asteleheneko lurrikara handien ondorioz, baina, partida hori bertan behera utzi dute.