Bilbao Basket
FIBA Europa Kopa
Bilbao Basketek Dinamo Sassari menderatu du, 77-60, eta FIBA Europa Kopako final laurdenetan da
EITB MEDIA
Bilboko taldeak ia une oro izan du kontrolpean Dinamo Sassariren aurkako partida; halaber, Choletek Le Portelen kantxan irabazi duenez, Bilbao Basket matematikoki sailkatu da final laurdenetarako.
-
Tryggvi Hlinason, Fobbsen aurrean, jokaldi batean. Argazkia: EFE.
Surne Bilbao Basketek Dinamo Sassari mendean hartu du, 77-60, 2024-25 denboraldiko FIBA Europa Kopako bigarren faseko laugarren jardunaldian, L multzoan, eta, gainera, txapelketako final laurdenetarako sailkatu egin da, matemakikoki, bigarren fase hori amaitzeko oraindik bi jardunaldi gelditzen direla.
Bilbao Basketek partidarik galdu gabe jarraitzen du denboraldi honetako FIBA Europa Kopan. Asteazkenean bermatzeko final laurdenetarako sailkatzea, Jaume Ponsarnauren taldeak behar zuen, Sardiniako aurkaria menderatzeaz gain, Choletek Le Portelen kantxan irabaztea, multzoko beste norgehiagokan; azkenean, biak jazo dira, Bilbao Basket 77-60 nagusitu baita eta Choletek 60-92ko emaitza erdietsi baitu.
Dinamo Sassariren aurkako neurketan, Bilbao Basketek ia une oro izan du kontrolpean markagailua. Lehen laurdena amaituta, Bizkaiko taldea 20-14 ari zen garaitzen, 20-14; bigarren laurdenaren hasieran, baina, Sardiniako taldeak 0-7ko partziala lortu du, eta 20-21 jarri da, aurretik. Bilboko taldeak, baina, berehala berreskuratu du aurrea, eta atsedenaldian 41-33 zebilen irabazten. Bigarren zatian, Bilbao Basketen abantaila gero eta handiagoa izan da, denborak aurrera egin ahala. Norgehiagokan, Omar Silveriok debuta egin du.
Fitxa teknikoa
77 - Bilbao Basket (20+21+18+18): Pantzar (15), Abdur-Rahkman (13), Zoran Dragic (7), Gielo eta Hlinason (5) -hasierako bostekoa-; Frey (2), Silverio (8), Ruben Domínguez (5), Rabaseda (13), Jones (9) eta Sylla.
60 - Dinamo Sassari (14+19+14+13): Cappelletti (13), Fobbs (17), Veronesi, Halilovic (7) y Bendzius (6) -hasierako bostekoa-; Trucchetti (5), Tambone (7), Vincini (5) eta Vaselli.
Epaileak: Yener Yilmaz (Turkia), Ventsislav Velikov (Bulgaria) eta Ioannis Tsibouris (Grezia).
Nabarmentzekoa: 4.000 zale izan dira, Miribillan.