Bilbao Basket
FIBA Europa Kopa
Bilbao Basketek Le Portel garaitu du, 74-78, eta Choletek Sassarin galtzea behar du, multzoko lehena izateko
EITB MEDIA
Jaume Ponsarnauren taldeak bost garaipen lortu ditu FIBA Europa Kopako bigarren faseko sei partidetan, eta, Choletek asteazkenean ezin badu Dinamo Sassari mendean hartu, L multzoko lehen postua eskuratuko luke eta Miribillan jokatuko luke final laurdenetako itzuliko partida.
-
Bilbao Basketeko jokalariak, garaipena erdietsita. Argazkia: EITB Media.
Surne Bilbao Basketek garaipena lortu du Le Portelen aurka, 74-78 irabazita, 2024-25 denboraldiko FIBA Europa Kopako bigarren faseko seigarren eta azken jardunaldian, astearte gauean, L multzoan. Horrenbestez, Bilboko taldeak bost garaipen lortu ditu bigarren fase horretako sei partidetan; hala, multzoko beste neurketan, Choletek asteazkenean ezin badu Sardinian Dinamo Sassari mendean hartu, Bilbao Basketek L multzoko lehen postua eskuratuko luke eta Miribillan jokatuko luke final laurdenetako itzuliko partida. Kanporaketa horretan, Bilbao Basketen balizko aurkariak dira Casademont Zaragoza, Tofas Boursa eta Porto.
Bilbao Basketek ez dio partidari ondoegi heldu, eta, lehen laurdenean, Le Portel ibili da aurretik markagailuan; hori bai, bi taldeen arteko aldeak ez dira esanguratsuak izan. 19-18 amaitu da aurreneko laurden hori, eta bigarrenean, ordea, Jaume Ponsarnauren taldeak gehiago asmatu du; Bilboko taldeak zazpi punturainoko aldea izan du, 29-36koan eta 31-38koan. Atsedenaldian, Jaume Ponsarnauren taldea bost puntuz ari zen nagusitzen, 33-38; Kullamae ari zen nabarmentzen, zazpi puntu sartuta eta sei errebote hartuta, bai eta Ruben Dominguez ere; izan ere, azken horrek beste inork baino puntu gehiago sartu ditu lehen zatian: bederatzi, hain zuzen ere.
Partidako bigarren zatian, oreka handia izan da markagailuan, eta, ondorioz, emozioa izan da, ez baita argi egon, amaierara arte, zein taldek eskuratuko zuen garaipena. Hirugarren laurdenean, Le Portelek, berriro ere, jokoa parekatu du, eta laugarrenean bost punturainoko aldea ere bereganatu du, 63-58koan. Azken bost minutuetan sartuta, ezer ez zegoen erabakita; Bilbao Basketek Le Portelek baino esperientzia handiagoa du nazioarteko txapelketetan, eta Bizkaiko taldea hobeto egokitu da une erabakigarrietako presiora. Amaieran, Bilbao Basket gailendu da, 74-78.
Fitxa teknikoa
74 - Le Portel (19+14+17+24): Zoriks (14), Gholston (18), Diawara (8), Fevrier (8) eta Boyer (8) -hasierako bostekoa-; Burns (8), Konate (1), Ebunangombe (2) eta Nunge (7).
78 - Bilbao Basket (18+20+15+25): Pantzar, Abdur-Rahkman (16), Rabaseda (4), Gielo (9) eta Hlinason (8) -hasierako bostekoa-; Kullamae (10), Silverio (6), Ruben Dominguez (11), De Ridder (10), Jones (4) eta Sylla.
Epaileak: Mehmet Sahin (Turkia), Stylianos Simeonidis (Grezia) eta Rainis Varv (Estonia).
Nabarmentzekoa: zale gutxi izan dira, Le Chaudronen.