Itxi

Bilbao Basket

FIBA Europa Kopa

Bilbao Basketek hemeretzi puntuz galdu du Dijonen (77-58), eta emaitza irauli beharko du finalean izateko

EITB MEDIA

Euskal taldeak lehen zati ona jokatu du, eta atsedenaldian bi puntuz ari zen gailentzen, 34-36; bigarren zatian, hala ere, Frantziako taldea oso nagusi izan da. Finalerdia Miribillan erabakiko da, datorren asteazkenean, apirilaren 2an.

  • Zoran Dragic, erasoan, partidako jokaldi batean. Argazkia: EITB Media.

    Zoran Dragic, erasoan, partidako jokaldi batean. Argazkia: EITB Media.

Surne Bilbao Basketek hemeretzi puntuz galdu du, 77-58, JDA Dijonen aurka, 2024-25 denboraldiko FIBA Europa Kopako finalerdietako joaneko partidan, Jean-Michel Geoffroy kiroldegian, Dijonen, asteazken gauean. Horrenbestez, euskal taldeak itzuliko partidan irauli beharko du kanporaketa, txapelketako final handirako txartela eskuratzeko; norgehiagoka hori Miribillan jokatuko dute, datorren asteazkenean, apirilaren 2an.

Bilbao Basket ondo aritu da lehen zatian, sendo; Jaume Ponsarnauren gizonek, atsedenaldian, bi puntuko aldea zuten, 34-36. Zortzi puntuz ere izan da aurretik Bizkaiko taldea, bigarren laurdenean, 17-25ekoan.

Bigarren zatian, baina, Bilbao Basketek ezin izan du, eta Dijon, bere zaleek bultzatuta, oso nagusi izan da. Hirugarren laurdenean, Frantziako taldeak 23-9ko partziala erdietsi du, eta hala, amaierarako hamar minutu gelditzen zirela, hamabi puntuz ari zen gailentzen, 57-45; azken laurdenean, Dijonek abantailari eutsi dio, eta, are gehiago, handitu egin du.

Bizkaiko taldeak, azken minutuetan, ahalegina egin du markagailua estutzeko, kontuan izanik kanporaketako berrogei minutuak jokatu behar dituztela, baina ez du lortu. Hortaz, Miribillan partida oso ona egin beharko du Bilbao Basketek, finalerako sailkatzea bereganatzeko.

Fitxa teknikoa

77 - JDA Dijon (14+20+23+20): Julien (12), Ducote (2), Hrovat (18), McDuffie (10) eta Sengfelder (10) -hasierako bostekoa-; Booth (8), Kamardine (9), Dally (2), Dokossi (2) eta Ware (4).

58 - Surne Bilbao Basket (21+15+9+13): Frey (12), Abdur-Rahkman (11), Dragic (6), De Ridder (9) eta Hlinason (3) -hasierako bostekoa-; Pantzar (5), Ruben Dominguez, Cazalon, Sylla (3), Jones (8) eta Rabaseda (1).

Epaileak: Lorenzo Baldini (Italia), Andris Aunkrogers (Letonia) eta Ivo Matejek (Txekia).

Nabarmentzekoa: ia 5.000 zale, Jean-Michel Geoffroy kiroldegian.