Bilbao Basket
FIBA Europa Kopa
Xavi Rabaseda ospitaleratu dute, duen infekzioak "bigarren mailako meningitis birikoa" eragin diolako
EITB MEDIA
Bilbao Basketen kapitainak ezingo du jokatu, asteazkenean, PAOK Salonikaren aurka. "Enterobirusak eragindako infekzioa" izan du, "bigarren mailako meningitis biriko batek zailduta", eta ospitaleratu behar izan dute.
-
Xavi Rabaseda, defentsa lanetan, Bilbao Basketen aurreko beste partida batean. Argazkia: EFE.
Xavi Rabaseda Surne Bilbao Basketen kapitainak "enterobirusak eragindako infekzioa" izan du, "bigarren mailako meningitis biriko batek zailduta", eta ospitaleratu behar izan dute, Bilboko klubak iragarri duenez. Hegalekoa, "une honetan", sendatze prozesuan dabil, "arian-arian hobera egiten ari da", baina ezin izango du jokatu asteazkenean, PAOK Salonikaren aurka, Miribillan, FIBA Europa Kopako finaleko joaneko partidan
20:00etan hasiko da hori, eta eitb.eus-ek eta ETB1ek zuzenean emango dute.
Kapitaina ez ezik, Jaume Ponsarnau entrenatzaileak beste baja bat ere badu asteazkenerako, alegia, Tryggvi Hlinasonena. Pibot islandiarrak gihar haustura izan zuen, eskuin hankan, duela hiru aste, Dijonen aurkako neurketan, Frantziako taldearen etxean.
Rabasedaren ordez, Ponsarnauk Iker Chacon harrobiko jokalaria sartu du deialdian.