Itxi

Bilbao Basket

FIBA EUROPA KOPA

Bilbao Basketek zazpi puntuko aldeko errentarekin bidaiatuko du Greziara

A. A. | EITB MEDIA

Beltzezko gizonek 72 eta 65 gainditu dute PAOK Salonica, eta datorren asteazkeneko itzulerako lehiari titulua lortzeko itxaropena ematen dien abantailaekin ekingo diote, oraindik ere dena irekita egon arren.

  • Abdur-Rahkman saskiratze bat lortu nahian. Argazkia: EFE

    Abdur-Rahkman saskiratze bat lortu nahian. Argazkia: EFE

Surne Bilbao Basketek 72-65eko emaitzarekin irabazi dio PAOK Salonika talde greziarrari Miribillan, FIBA Europa Kopa txapelketaren finaleko joaneko partidan. Ondorioz, zazpi puntuko abantaila defendatuko du datorren asteazkenean, Salonikan, bere historiako lehen Europako titulua lortzeko.

Melwin Pantzar joko-antolatzaile suediarra (19 puntu eta 4 errebote) eta Thijs de Ridder hegal-pibot belgikarra (13 puntu eta 10 errebote) izan dira Bilboko taldeko onenak, eta, hirugarren laurdeneko minutu batzuk izan ezik, beti nagusi izan dira markagailuan. Greziako saskiratzaile onena Shavar Reynolds eskolta estatubatuarra izan da (15 puntu).

Bilbao Basketek ezin hobeto ekin dio neurketari, hiruko marratik eraginkortasun aparta izanda (9tik 6 lehen laurdenean, horietako bi Harold Freyk); hala, lehiako laugarren minutura iritsi orduko 10 puntuko aldea zuten etxekoek (12-2). Greziarrek, dena den, berehala erakutsi dute talde sendoa direla, eta markagailuko zuloa murrizteko gai izan dira asko itxaron beharrik gabe (15-12, 7. minutua). Jaume Ponsaurnaren jokalariak hiruko jaurtiketen bidez puntuak erdiesten jarraitu dute (bikoetan, ordea, kamuts aritu dira lehen hamar minutuetan (8tik 1), eta urrutiko jario horrek berriro ere 10 puntuko tartea zabaldu du markagailuan lehen atsedenaldi laburrera iristearekin bat (22-12).

Bigarren laurdenean, nekezagoa izan zaie bilbotarrei puntuak pilatzea (16 baino ez); izan ere, bikoetan trakets jarraitu dute eta hirukoetan argia itzali zaie (saiatutako 6ak huts egin dituzte tarte horretan). Ondorioz, jaurtiketa libreen marra izan dute iturri nagusi, nahiz eta horiek ere guztiak sartu ez. Melwin Pantzar joko-antolatzailea nabarmendu da zeregin horretan (11tik 10). Aurkariek, bere aldetik, asko tenkatu dute defentsa, bereziki erreboteko lana, eta ez diete utzi etxekoei markagailuan alde egiterik. Horrenbestez, atsedenaldiko emaitza estuagoa izan da (38-31).

Aldageletatik bueltan, greziarrek eskuratu dute partidaren erritmoaren aginte makila, puntuak sartzeko etxekoen ezintasuna baliatuta. Hartara, lehendabizi norgehiagoka berdindu (40-40, 42-42 eta 44-44) eta, jarraian, aurretik jartzeko gai izan dira (44-48, 28. minutua). Haatik, azken txanpan izandako susperraldiari esker, Pantzarren eta De Ridderren eskutik, etxekoak aurretik ziren azken laurdenean sartu aurretik (52-50).

Bilbao Basketeko jokalariek jakin bazekiten errenta hori ez zela inola ere nahikoa datorren astean Greziara bidaiatzeko, eta energia eraberriturik kantxaratu dira. Hiruko jaurtiketak agertu dira berriro (Pantzarrek eta Freyk bana) eta 10 puntuko tartea bueltatu da beltzezko gizonen alde (63-53, 34. minutua), Bilbao Arenan bildutako zaleen hauspoa bidelagun zutela. Hortik aurrera, etxekoak zuloa zabaltzen eta greziarrak hura murrizten ibili dira, tira-bira etengabean. Azkenerako, zazpi puntuko altxorra lortu dute bilbotarrek (72-65), datorren asteazkenean (19:15) Salonikan, PAOK Sports Arena kantxan, defendatu beharko dutena.

Fitxa teknikoa:

72 - Surne Bilbao Basket (22+16+14+20): Frey (11), Abdur-Rahkman (7), Zoran Dragic (9), Gielo (5) y Marvin Jones (2) -hasierako bostekoa-; Pantzar (19), Rubén Domínguez (2), Cazalon (2), De Ridder (13), Sylla, Bagayoko (2) eta Chacón.

Entrenatzailea: Jaume Ponsarnau.

65 - PAOK mateco Salónica (12+19+19+15): Reynolds (15), Bartley (14), Henderson Jr (11), Kreuser (5) y Upson -hasierako bostekoa-; Katsivelis (9), Forrester (7), Grandison, Papadakis (4) eta Persidis.

Entrenatzailea: Massimo Cancellieri (ITA).

Partzialak: 22-12, 38-31 (atsedenaldia); 52-50 eta 72-65 (amaiera).

Epaileak: Paulo Marques (Portugal). Andris Aunkrogers (Letonia) eta Michal Proc (Polonia). Ez dute inor kanporatu.

Gertakizunak: Bilbao Arenan jokatutako FIBA Europe Cupeko finaleko joaneko partida, 10.014 ikusleren aurrean, tartean PAOKen 500 jarraitzaile inguru.