Gipuzkoa Basket
Larunbatean, 20:00etan
Gipuzkoa Basketek atzean utzi nahi du Obradoiro
Erredakzioa
Donostiako taldeak Rio Natura Monbusen kantxa bisitatuko du, Endesa Ligan gora begira jarriko lukeen garaipen baten bila.
-
Sito Alonso / EFE.
Gipuzkoa Basket Rio Natura Monbusen aurka arituko da larunbatean 20:00etan, Galiziako taldea atzean uzteko helburuarekin Endesa Ligako sailkapenean. Bi taldeek garaipen kopuru bera dute (10), eta partida berdinduta egongo da.
Irabazten badute gora begira jarriko dira donostiarrak, eta Joventutekin daukaten aldea murrizten hasteko aukera izango dute. Kataluniako taldea zortzigarren da sailkapenean, playoffeko postuetan dago.
Hala ere, Donostiako taldeak hobetu egin beharko du jokoa etxetik kanpo: neurketa bakarra irabazi du 2014an etxetik urrun, UCAM Murtziaren aurka. Orduko garaipen hark porroten bolada txarra bukatzeko balio izan zion Sito Alonsoren taldeari, baita adorea berreskuratzeko ere.
Anthony Winchesterrek ez du Santiagon jokatuko, eta litekeena denboraldi honetan geratzen diren gainerako partida guztiak ere galtzea. Jason Robinson, Endesa Ligako bigarren saskiratzaile onena, eta David Doblas izango dira taldeko erreferentziak.
Brasileko bi jokalari egongo dira kantxan: Gipuzkoa Basketeko Raul Neto eta Obradoiroko Rafa Luz.