Itxi

Gipuzkoa Basket

ACB Liga

DKV Joventut-Lagun Aro, (73-75): Porrota azken segundoetan

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Talde gipuzkoarrak azken baloi jabetza izan du, baina Andy Pankok ez du saskiratzea lortu.

Lagun Aro GBC taldeak porrot latza hartu du Badalonan DKV Joventuten aurka 75-73ko emaitzarekin. Azken jabetza gipuzkoarrek izan dute, baina Pankok huts egin du eta garaipena talde katalanak lortu du.

Lehen laurdena ikusgarria izan zen. Bizi jokatu zuten bi taldeek eta ondo ibili ziren erasoko lanean. Gipuzkoarrak agindu zuten markagailuan ia laurden guztian zehar eta lehen hamar minutuak bost puntuko aldearekin bukatu zuen Lagun Arok (21-26).

Bigarren laurdenean ondo hasi zen Pablo Lasok zuzentzen duen taldea eta zortzi puntuko aldea lortu zuen Gipuzkoa Basketek (32-40). Laurden honen erdialdean etorri zen Joventuten erreakzioa. Katalanak aldeak murrizten hasi ziren, baina sei puntuko abantailarekin iritsi zen Lagun Aro atsedenaldira (35-41).

Atsedenalditik bueltan abantaila polita lortu zuen Gipuzkoa Basketek. Pablo Lasoren mutilek 10 puntuko aldea lortu zuten (42-52). Bazirudien Lagun Arok partida bideratuta zeukala, baina DKV Joventutek partida berdindu zuen (56-56). Azken segundoetan Tskitishvilik jaurtiketa librea sartu zuen eta gipuzkoarren aldeko puntu bakarreko abantailarekin bukatu zen hirugarren laurdena (56-57).

Azken laurdena oso berdindua izan da. Bi taldeetako batek ere ez zuen abantaila handirik lortzen. Azken 18 segundoetara 73-73koarekin iritsi zen norgehiagoka. Englishek biko saskiratzea lortu eta 75-73 jarri zen aurretik markagailuan. Bi segundo falta ziren partida bukaerarako eta azken jabetza Lagun Arorena izan zen. Andy Panko saiatu zen luzapena behartzen biko jaurtiketa batekin, baina kale egin zuen eta DKV Joventutek eraman zuen garaipena.

Fitxa teknikoa:

75. DKV Joventut (21+14+21+19): Robinson (9), Pere Tomas (3), Hosley (11), Trias (11), McDonald (14) -hasierako bostekoa-, Norel (4), English (14), Franch (9), Flis (-) eta Jelinek (-).

73. Lagun Aro GBC (26+15+16+16): Salgado (17), Baron (9), Panko (21), Miralles (-), Doblas (10) -hasierako bostekoa-, Kone (2), Tskitishvili (12), Uriz (-), Lorbek (2) eta Sanchez (-).