Itxi

Gipuzkoa Basket

77-62

Gipuzkoa Basketek porrota jaso du Valentziaren aurka

Erredakzioa

Delteceo GBC taldeak 77-62 galdu du Fontetan. Talde gipuzkoarrak ondo jokatu ditu lehen hiru laurdenak, baina azkenengoan aurkaria nagusi izan da.

Valentzia Basket - Delteco GBC

Delteco GBC taldeak 77 eta 62 galdu du Valentziaren aurka Fontetan. Lehen hiru laurdenetan maila oso ona eman du Gipuzkoako taldeak, baina azken laurdenean aurkaria gehiago izan da.

Hasiera ona eman dio neurketari Gipuzkoa Basketek. Erritmo biziarekin eta aurkariaren saskian asmatuz hasi du lehia talde gipuzkoarrak eta abantailak hartzen hasi da (2-6). Etxeko taldeak erantzun egin du aldeak murriztuta, baina Delteco GBC ez da kikildu, berera jarraitu du, eta berriro errenta esanguratsuak lortu ditu, lehen hamar minutuak 12 puntuko abantailarekin amaitu dituelarik (16-28).

Bigarren laurdenaren hasieran ondo eutsi dio errentari Gipuzkoa Basketek, baina pixkanaka partidan sartzen hasi da Valentzia eta desabantaila murriztea lortu du (30-33). Gero, Delteco GBC taldeak 7 puntuko abantaila hartu du (30-37), baina 3 puntu goitik soilik heldu da atsedenaldira (34-37).

Atsedenaldiaren ostean, estutu eta parekatu egin da norgehiagoka. Valentziak defentsa gogortu du, eta Gipuzkoa Basketi kosta egin zaio saskiratzeak lortzea. Ondorioz, etxeko taldeak partida berdindu du (42-42) eta aurretik ere jarri da hirugarren laurdenaren azken txanpan (45-42). Laurdeneko azken minutuan kale egin du GBC taldeak saskiratzeak sartzerakoan eta Valentziak 6 puntuko abantaila eskuratu du (52-46).

Azken laurdenari oso gaizki ekin dio Gipuzkoa Basketek. Donostiako taldea Valentziak antolatutako defentsa gainditu ezinda ibili da, eta talde valentziarra aise nagusitzen hasi da; lehen lau minutuetan 19 puntuko errenta lortu du (67-48). Hortxe utzi du neurketa erabakita Valentziak eta azken txanpan ez dio garaipenak ihes egin (77-62).

Fitxa teknikoa:

77.- Valentzia (16+18+18+25): Van Rossom (11), Abalde (2), San Emeterio (5), Will Thomas (17), Dubljevic (6) -hasierako bostekoa- Sergi Garcia (-), Labeyrie (10), Tobey (10), Vives (3), Matt Thomas (10) eta Doornekamp (3).

62.- Delteco GBC (28+9+9+16): Dani Pérez (11), Nevels (7), Salvo (6), Burjanadze (10), Bobrov (6) -hasierako bostekoa- Jorge Gutierrez (2), Maiza (-), Van Lacke (3), Sekulic (6) eta Corbacho (11).

Epaileak: Perea, Martinez Fernandez eta Baena. Doornekamp (36. min) eta Gutierrez (40. min) kanporatuak izan dira bosna falta egiteagatik.