Itxi

Gipuzkoa Basket

85-72

Gipuzkoa Basketek salbazioa lortzeko aurrerapauso handia eman du

Erredakzioa

Delteco GBC taldeak 85-72ko emaitzarekin irabazi dio Monbus Obradoirori eta jaitsiera postuetatik irten da, sailkapenean Breoganekin berdinduta dagoen arren.

5:20
Delteco GBC

Delteco GBC taldeak 85-72ko emaitzarekin irabazi dio Monbus Obradoirori Endesa Ligako 29. jardunaldiko partida. Ondorioz, jaitsiera postuetatik at da Donostiako taldea. Cafes Candelas Breoganekin berdinduta dago sailkapenean, bederatzi garaipeneko eta hogei porroteko balantzearekin, baina galiziarren aurretik da. Hamabosgarren postuan den Movistar Estudiantes garaipen bakarrera du.

Gaizki ekin dio neurketari Gipuzkoa Basketek. Aurretik ibili da talde galiziarra hasierako minutuetan, baina lehia parekatua izan da lehen laurdenean. Lau puntuko abantaila izan du Obradoirok (11-15) lehen bost minutuak jokatu ostean, baina ordutik aurrera Gipuzkoa Basket nagusi izan da; aldeak murriztu ditu, aurrea hartu du, eta bost puntuko abantailarekin (23-18) amaitu du lehen laurdena talde donostiarrak.

Bigarren laurdenari hasiera ona eman dio Delteco GBCk. Nagusi izan da kantxan, eta abantailak handitzea lortu du. Gauzak horrela, zortzi puntuko errenta lortu du etxeko taldeak (33-25), atsedenaldirako bost minutu falta zirenean. Monbus Obradoiro bost puntura hurbildu da (35-30), baina Delteco GBCk nagusi izaten jarraitu du, eta zortzi puntuko errentarekin iritsi da atsedenaldira (44-36).

Atsedenaldiaren ostean, Delteco GBC taldeak eutsi egin dio bigarren laurdenean lortu duen abantailari. Joko ona eskaini du talde gipuzkoarrak eta aurretik ibili da laurden guztian. Hamar punturainoko errenta lortu du Gipuzkoa Basketek (59-49), baina Obradoirok bost puntura murriztu du (59-54). Ondoren, berriro zortzi puntuko abantaila hartu du GBCk (63-55), baina Obradoirok desabantaila murriztu du, eta bi puntura jarri da (63-61). Hirugarren laurdeneko azken segundoetan sartutako hiruko bati esker, arnasa hartu du talde gipuzkoarrak (66-61).

Dani Perezen beste hiruko batekin ekin dio azken laurdenari Delteco GBC taldeak (69-61). Ordutik aurrera nagusi izan da Delteco GBC. Gipuzkoako taldea aurkaria baino gehiago izan da jokoaren arlo guztietan, eta ez dio aukerarik eman Obradoirori. Hamar puntu inguruko abantaila izan du ia laurden guztian zehar Gipuzkoa Basketek, eta azken minutuak bikain kudeatuta, garaipena erdietsi du (85-72).

Fitxa teknikoa:

85 - Delteco Gipuzkoa Basket (23+21+22+19): Rebec (13), Nevells (12), Dani Perez (20), Burjanadze (10), Barro - hasierako taldea- Zeisloft (5), Sekulik (10), Vobrov (10), Van Lacke (5), Corbacho, Maiza, Salvo.

72 - Monbus Obradoiro (18+18+25+11): Pozas (4), Obst (12), Vasileidis (7), Llovet (12), Brodziansky (14)- hasierako taldea- Sabat (6), David Navarro (10), Hlinason (4), Spires, Singler, Laksa, De Zeeuw (3).

Epaileak: Conde, Ortiz, Zamorano.