Gipuzkoa Basket
ACB Liga
Regal Bartzelona-Lagun Aro GBC, (81-55): Jipoia jaso dute gipuzkoarrek
A.B.
Erredakzioa
Talde katalana jaun eta jabe izan da eta ez du arazorik izan partida irabazteko. Liga erregularra lehen postuan bukatzea ziurtatu du Xavi Pascualen taldeak.
Regal Bartzelonak 81-55eko emaitzarekin jipoitu du Lagun Aro GBC Palau Blaugranan. Gipuzkoarrek ez zeukaten ezer jokoan eta igarri egin da. Garaipen honekin Bartzelonak lidergoan bukatuko du ACB Ligako fase erregularra.
Lehen laurdena izan da guztietatik berdinduena. Lagun Arok indartsu ekin dio notrgehiagokari eta arazoetan sartu du Bartzelona. Dena den, etxeko taldeak bi puntuko abantailarekin bukatu ditu lehen hamar minutuak (18-16).
Bigarren laurdenean Bartzelona hobeto jokatzen hasi zen eta orduan gaizki pasatzen hasi zen Lagun Aro. Katalanak pixkanaka abantailak hartzen hasi eta atsedenaldira aldeko 41-33ko emaitzarekin iritsi ziren.
Atsedenalditik bueltan, Bartzelonak bere bertsio onena erakutsi zuen eta Lagun Aro beheraka zihoan joko aldetik. Gipuzkoarrek ez zekiten nola geratu Bartzelonaren jokoa eta 15 puntuko aldea lortu zuten blaugranek hirugarren laurdenaren amaieran (62-47).
Azken laurdena tramite hutsa izan zen. Bartzelonak oso eroso jokatu zuen eta estatistikak gizentzeko baliatu zuen azken laurdena. Azkenean, 26 puntugatik galdu zuen Lagun Arok (81-55).
Fitxa teknikoa:
81. Regal Bartzelona (18+23+21+19): Rubio(12), Navarro (10), Anderson (5), Vazquez (14), Lorbek (15) -hasierako bostekoa-, Sada (5), Ingles (7), Ndong (9), Grimau (4) eta Perovic (-).
55. Lagun Aro GBC (16+17+14+8): Salgado (2), Baron (17), Panko (7), Miralles (3), Doblas (8) -hasierako bostekoa-, Uriz (5), Kone (8), Freimanis (2) eta Lasa (3).