Itxi

Gipuzkoa Basket

Endesa Liga

Lagun Arok garaipen handia lortu du Real Madrilen aurka

Erredakzioa

Gipuzkoa Basketek 98-90eko emaitzarekin irabazi du eta tinko jarraitzen du play-off postuetan. Joko bikaina azaldu du talde gipuzkoarrak.

  • Lagun Aro GBCk 98-90 irabazi du Real Madrilen aurka. Argazkia: EFE

Lagunt Aro Gipuzkoa Basketek ezustekoa eman eta Real Madrili 98-90eko emaitzarekin irabazi dio Illunben Endesa Ligako partida. Joko bikaina erakutsita irabazi dute Sito Alonsoren mutilek eta sendo jarraitzen dute play-off postuetan.

Hasieratik gogotsu kantxaratu ziren gipuzkoarrak, baina lehen minutuetan Real madrilek ere gogor ekin zion partidari (6-6). Minutuak aurrera joan ahala gero eta hobeto jokatzen hasi zen etxeko taldea eta abantaila politak lortu zituen. Lehen laurdena 27-15eko emaitzarekin bukatu zen.

Bigarren laurdenean Real madrilek hobera egin zuen. Lasok zuzentzen duen taldeak gehiago asmatu zuen saski aurrera eta defentsa gogortuta arazo gehiagotan jarri zuen Lagun Aro. Hala ere, nahiko ondo jokatu zuen GBCk eta atsedenaldira bederatzi puntuko abantailarekin iritsi ziren (50-41).

Atsedenalditik bueltatuta Real Madrilel hasiera ezin hobea eman zion hirugarren laurdenari eta markagailuan ere aurrea hartu dute (54-62). Etxeko taldea momentu txarrenean zegoenean, jokalariek erreakzionatu egin zuten eta partida 70-70 berdindu ostean lau puntuko abantailarekin bukatu zuten hirugarren laurdena (74-70).

Azken laurdena ere oso estua izan zen. 79-79 eta 83-83ko berdinketen ondoren Lagun Arok bere joko maila onena atera zuen eta bikain jokatu zituen azken minutuak. Real Madrilen gainetik pasa zen talde gipuzkoarra eta azkenean 98-90eko emaitzarekin garaipena eskuratu zuten.

Fitxa teknikoa:

98.- Lagun Aro GBC: Neto, Panko (19), Baron (18), Vidal (20), Betts (4) -hasierako bostekoa- Salgado (17), Ogide, Lorant (4), Doblas (13), Lasa, Papamakarios (3).

90.- MMT Real Madril: Llul (15), Singler (8), Suarez (4), Velickoviv (10). Tomic (4) -hasierako bostekoa- Sergio Rodriguez (16), Sanz, Pocius (2), Reyes (5), Mirotic (10), Begic (4), Carroll (12).

Epaileak: Garcia, Perea, Munar.