Itxi

Gipuzkoa Basket

Endesa Liga

UCAM Murtziak bukaera eman dio Lagun Aroren bolada onari

Erredakzioa

Talde bisitariak 67-71eko emaitzarekin eskuratu du garaipena. Partida estu joan da, baina azken txanpan nagusitu dira murtziarrak.

  • UCAM Murtziak 67-71 irabazi dio Lagun Aro GBCri. Argazkia: EFE

UCAM Murtziak amaiera eman dio Lagun Aro GBC taldearen bolada onari Illunben 67-71 irabazita.Laurden guztietan aurretik aritu dira bisitariak. Lehen laurdenean sei puntuko abantaila lortu zuten murtziarrek (14-20). Beheko postuetan egon arren bolada onean eta konfiantzarekin etorri ziren Murtziakoak eta asko kosta zitzaion Lagun Arori bisitarien erasoko jokoa geratzea.

Bigarren laurdenean itxura hobea eman zuen Gipuzkoa Basketek, baina UCAM Murtziak aurreko laurdenean eskuratutako abantaila mantentzea lortu zuen gutxi gora behera. Bost puntuko desabantailarekin joan ziren atsedenaldira gipuzkoarrak (34-39).

Hirugarren laurdena oso parekatua izan zen. Berdintasuna izan zen nagusi eta defentsa gogorrago batekin Murtziak aurreko laurdenetan beste saskiratze ez eskuratzea lortu zuen Lagun Arok. Dena den. Murtziarrek abantailarekin bukatu zuten hirugarren laurdena ere (53-56).

Azken laurdenean, ordea, Lagun Arok ez zuen hiruko jaurtiketekin gehiegi asmatu eta UCAMek ez zuen barkatu saski aurrean. Horrenbestez, Gipuzkoa Basketek galdu egin zuen partida 67-71eko emaitzarekin.


Fitxa teknikoa:

67.- Lagun Aro GBC: Neto (6), Panko (9), Vidal (8), Papamakarios (3), Betts (10 ) -hasierako bostekoa- Doblas (4), Lasa, Salgado (8),
Lorant, Ogide (2), Baron (17).

71.- UCAM Murtzia: Augustine (10), Udoka (19), Douby (15), Rivero (3), Barlow (5) -hasierako bostekoa- Sekulic (4), Jasen, Franch (8), Pérez, Miso (2), Rejon, Grimau (5).

Epaileak: Pizarro, Perez eta Rial.
Markagailuak laurdenero: 14-20; 34-39- atsedenaldia- 53-56; 67-71.