Itxi

Baskonia

HERIOTZA

Xabier Añua zendu da, Baskoniako entrenatzaile ohia eta Arabako saskibaloiko aitzindaria

Agentziak | EITB Media

Bartzelonako entrenatzailea izan zen 1968 eta 1972 bitartean, eta saskibaloiari lotutako hainbat ekimen garrantzitsu bultzatu zituen Araban.

26:14
Xabier Añua. (EITB Media)

Xabier Añua Baskoniako entrenatzaile ohia eta abokatua zendu da, 90 urte zituela, Gasteizko klubak ostiral honetan jakinarazi duenez.  

"Saski Baskoniak bere atsekabe sakona adierazi nahi du, Xabier Añua entrenatzaile ohiaren heriotza dela eta. Gure klubaren historian funtsezkoa izan zen, baita Gasteizko saskibaloiarentzat ere", adierazi du Baskoniak ohar batean.  
   
Añuak 1984-1985 denboraldian zuzendu zuen Baskonia, eta Asociacion Kopa bereganatu zuen, klubaren historiako lehen titulua, hain zuzen ere. "Bere konpromisoa, izaera eta ikuspegia erabakigarriak izan ziren klubaren hazkundean eta saskibaloia Gasteizko bizimodu sozio-kulturalean ezinbesteko bilakatzeko", klubaren arabera.

"Entrenatzaile kargutik harago, Xabier Añua beti izan da erreferente bat Baskoniako familiarentzat. Hark emandakoa betirako geratuko da gure oroimenean. Klubaren izenean, gure besarkada sentikorrena helarazi nahi diegu haren familiari eta lagunei", erantsi dute agirian.

Baskonia zuzentzeaz gain, Añuak Bartzelona zuzendu zuen 1968 eta 1972 bitartean.

Philips taldean abiatu zuen bere ibilbide profesionala entrenatzaile gisa, eta, ondoren, Kas taldea gorengo mailara eraman zuen, Lehen Mailako txapeldun bilakatu baitzuen, partidarik galdu gabe, eta 1966an Ohorezko mailara igota.

Horrez gain, saskibaloiari lotutako hainbat ekimen garrantzitsu bultzatu zituen Araban.