Itxi

Baskonia

Euroliga

ETBk ez du Panathinaikos-Baskonia partida emango, adostasun ezagatik

EiTB

EiTBk iazko eskaintzari eutsi dio, aurtengo ekitaldian aurrekontu murrizketak izan diren arren

  • Partida ostiralean jokatuko da, 20:30ean. Efe.

    Partida ostiralean jokatuko da, 20:30ean. Efe.

ETBk ez du Panathinaikos eta Laboral Kutxa Baskoniaren artean ostiral arratsaldean Zipreko hiriburuan, Nikosian, jokatuko den Turkish Airlines Euroleagueko saskibaloi partida emango, telebistan emateko eskubideen inguruan adostasunik lortu ez delako.

2013-2014 denboraldirako telebista eskubideen gainean SaskiBaskonia S.A.Dri  egindako  eskaintza, bi aldeek aurreko urtean sinatutako berbera da, nahiz eta 2007tik hona EiTB taldeak etengabe aurrekontu murrizketak izan. Ildo honetatik, EiTBren aurrekontua aurten 121,7 milioikoa da, 2012koa baino %17 gutxiago.

Aurrekontua murriztu bada ere, EiTBk iaz sinatutako hitzarmenean adostutako kopurua oinarri duen eskaintzari eutsi dio. EiTBk, aurtengorako eskubideen gainean egindako eskaintza, 2012rako egindako berbera dela nabarmendu nahi du.

Horrez gainera, Buesa Arenan Laboral Kutxa Baskoniak jokatzen dituen neurketen telebistako ekoizpenak ere proposamen horren barruan daude. Ekoizpen horiek lehiaketaren eskubideak dituzten beste telebista europarrei ere uzten zaizkie.

EiTB, Euskadiko Komunikazio Talde Publiko nagusia den aldetik, eta iraunkorra izate aldera, finantza eta ekonomia oreka ziurtatzera behartuta dago. Zentzu honetan, orain gutxi arte euskal taldeek parte hartu duten beste kirol batzuetako nazioarteko lehiaketen telebista eskubideak lortzeari uko egin behar izan dio, hala nola, Txapeldunen Ligari  edo Europa Leagueri.

EiTB prest dago SaskiBaskonia S.A.Drekin hitz egiten jarraitzeko bi alderdientzat onuragarria izango den ituna lotzeko asmoz, euskal zaleek  oro har, eta Baskoniakoek bereziki  Euroliga disfrutatu dezaten.