Baskonia
82-75, Unicajaren aurka
Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu du
Erredakzioa
Laboral Kutxak 82-75 irabazi dio Unicajari Buesa Arenan. Partida oso parekatua izan da, bi taldeek ondo jokatu dute, eta azken bi minutuetan erabaki da norgehiagoka.
Laboral Kutxak 82-75 irabazi dio Unicajari Buesa Arenan eta hirugarren garaipena lortu du Endesa Ligan. Partida oso parekatua izan da, eta Scariolok zuzentzen duen taldeak gogotik lan eginda lortu du garaipena.
Baskoniak ondo ekin dio partidari, eta hasieratik kontzentratuta egon dira Scariolok zuzentzen dituen mutilak. Unicajak ere hasiera ona eman dio norgehiagokari eta ez dio Laboral Kutxari alde handirik lortzen utzi. Lehen hamar minutuak parekatuak izan dira, baina Baskoniak lau puntuko abantaila lortu du (19-15).
Bigarren laurdenean asko estutu da partida. Parekotasuna handitu egin da, eta bi taldeetako batek ere ez du markagailuan alde egitea lortu. Unicajak bikain jokatu du laurdenaren hasieran eta lau puntuko abantaila izatea lortu du (23-27), baina Laboral Kutxak azkar erantzun du, eta norgehiagoka berdinduta iritsi da atsedenaldira (35-35).
Atsedenaldiaren ostean, partidaren gidoia ez da aldatu. Laboral kutxa eta Unicaja ez dira txantxetarako egon, eta maila oso ona azaldu dute. Malagako taldea aurretik joan da hirugarren laurdenaren azken txanpara arte, eta orduan agertu da 'Baskonia izaera'. Scariolok zuzentzen duen taldeak maila oso ona eskaini du laurdenaren azken txanpan eta etxeko taldearen aldeko 60-59eko emaitzarekin amaitu da hirugarren laurdena.
Lehia parekatua izan da azken minutura arte. Azken laurdenaren hasieran, Baskoniak sei puntuko aldea lortu (65-59) eta garaipena bideratuta uzteko aukera izan du, baina Unicajak ez du etsi eta berriro partida berdintzea lortu du (70-70). Laboral Kutxak bikain jokatu ditu norgehiagokako azken bi minutuak eta 82-75eko emaitzarekin lortu du garaipena Arabako taldeak.
Fitxa teknikoa:
82. Laboral Kutxa (19+16+25+22): Heurtel (9), Jelinek (12) San Emeterio (11), Bjelica (10), Pleiss (16) -hasierako bostekoa-, Hodge (11), Mainoldi (6), Kaukenas (2), Kelati, Diop (5).
75. Unicaja (19+20+24+16): Granger (4), Toolson (5), Suárez (5), Caner-Medley (14), Hettsheimeir (6) -hasierako bostekoa-, Vidal (7), Dragic (12), Calloway (9), Vázquez (10), Sabonis, Stimac (3).
Epaileak: Perez Perez, Perea, Aliaga.