Baskonia
Endesa Liga
Baskonia garaipenera itzuli da, Valladolid jipoituta (84-67)
Erredakzioa
Laboral Kutxak porroten bolada txarrari bukaera eman dio behingoz, eta Endesa Ligako hamargarren garaipena eskuratu du, Valladoliden kontra Buesa Arenan.
Laboral Kutxak urrezko aukera zuen bolada txarrari bukaera emateko, Endesa Ligako azkenaren kontra. Zortzi porrot jaso ditu jarraian, Valladolid Buesa Arenara heldu den arte. Aukera paregabe aprobetxatu du Baskoniak, eta aurkaria jipoitu du etxean. 17 puntuko aldearekin irabazi dio Valladolidi. Lamar Odomek, asteko izarra, eta Walter Hodgek, azken partidan Baskoniako jokalari bezala, ez dute jokatu. Hala ere, norabidea zuzendu eta sentsazio onak berreskuratu ditu Laboral Kutxak.
Hasieratik ikusi da bi taldeen arteko aldea, kantxan eta markagailuan. Izan ere, kantxan gertatu dena ikusita, Baskoniak atsedenaldira askoz alde handiagoarekin joateko aukera izan du (15 puntu). Irabazteko erraza izan da neurketa, Valladolidek puntu asko jasotzen dituelako aurkariengatik.
Tibor Pleiss taldeko onena izan da, 16 punturekin. Baskonia oso eroso aritu da, norgehiagoka entrenamendua zirudien eta. Aurkariaren erresistentzia oso txikia izan da.
Bi taldeen arteko itsasoak berdin jarraitu du bigarren zatian. Baskonia 65-51ko markagailuarekin heldu da azken laurdenera. Bukaerara arte, tramitea jarraitzea baino ez zaio geratu, kontu aipagarriagorik izan ez duen neurketan.
FITXA TEKNIKOA
Laboral Kutxa: Heurtel (9), Causeur (12), San Emeterio (7), Nocioni (10), Pleiss (16)-hasierako boskotea- Jelinek (7), Mainoldi (6), Diop (2), Van Oostrum (5).
Valladolid: Martínez (2), Rowe, Johnson (14), Wiljhansom (6), Haritopoulos (10)-hasierako boskotea-, Pozas (11), Cvetenovic (5), Drenovac, Sinanovic (6), Andrusij (13).
Partzialak: 25-14, 25-21, 15-16, 19-16.