Baskonia
Ostegunean, 20:45an
Baskonia eta Gipuzkoa Basket bajekin helduko dira derbira
Erredakzioa
Charles Ramsdell da GBCren azken lesionatua, belaunean, eta Baskonian oraindik zalantza da Fabien Causeur.
Laboral Kutxak Gipuzkoa Basket hartuko du, ostegunean 20:45an, Buesa Arenan. Gasteiztarrek oraindik ez dakite seigarren, zazpigarren ala zortzigarren bukatuko duten, eta irabazi behar dute seigarren postua ziurtatu eta play offetan aurkari errazagoa izateko. Gipuzkoa Basketek emaitzen bolada ona luzatu nahi du, zortzigarren postura heldu eta titulua lehiatzeko. Derbia zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.com-ek.
Baskonian, Fabien Causeur azken ordura arteko zalantza izango da. Oraindik ez dago osatuta, eta Scariolok ez du behartuko, play offetan egoera onean izateko asmoz. Lamont Hamiltonek ere oineko arazoak ditu oraindik, eta ez du oraindik normaltasunez jokatzen. Bi hilabete eman zituen jokatu gabe.
Gipuzkoa Basketek azken sei partidetatik bost irabazi ditu, eta beti sartzen du arazoetan Baskonia Buesa Arenan. Azken emaitza onek eta puntu gutxien jasotzen dituen taldea izateak, Bartzelonaren ostean, play offetatik hurbil egotera eraman dituzte.
Charles Ramsdell da Sito Alonsoren taldeko azken baja, Valladoliden kontra belaunean min hartuta. Entrenatzaileak David Doblas, Jason Robinson eta Javi Salgadoren onena atera beharko du.