Baskonia
Olinpiakosen aurka
Laboral Kutxak bigarren garaipena nahi du Euroligan
Erredakzioa
Lamont Hamilton jokatzeko moduan dago, zuntz-haustura bat dela-eta hiru aste bajan eman ostean. Ryan Gomes ere erabili ahalko du Crespik.
Laboral Kutxa Baskoniak Olinpiakosen etxean jokatuko du, Euroligako bigarren jardunaldian. Gasteiztarrek estreinako partidako bolada onari eutsi nahi diote, Endesa Ligan bizi duten momentu txarra ahazteko: orain arte jokatutako hiru partidak galdu egin dituzte Crespiren mutilek.
Partida zuzenean emango dute ETB1en eta eitb.eus-en, 20:30etik aurrera.
Arabarrek poztasun bakarra hartu dute aurtengo denboraldian, eta Euroligan izan da, iragan astean, Neptunas Klaipeda mendean hartu baitzuten. Liga eta Euroliga kontuan hartuta, jokatu dituzten bost partidetan lortutako garaipen bakarra izan da lituaniarren aurka erdietsitakoa.
Neptunas baino talde sendoagoa da Olinpiakos, eta Marco Crespiren taldeak hobera egin duen ikusteko aukera ona izango da ostiralekoa.
Partida garrantzitsu horri begira, Lamont Hamilton jokatzeko moduan dago, zuntz-haustura bat dela-eta hiru aste bajan eman ostean. Ryan Gomes ere erabili ahal izango du Crespik, Euroligan ez baitago Endesa Ligan dagoen muga bera.
Polemika Olinpiakosen
Greziarren inguruan polemika da nagusi, Giorgios Bartzoakasen lekua betetzeko entrenatzaile berria fitxatu dutelako. Milan Tomicek izango du taldea zuzentzeko ardura.
Ohi bezala, kantxan Vassilis Spanoulis izango da taldeko liderra. Giorgios Printezisek eta Tremmell Dardenek, aldiz, ezingo dute jokatu.