Itxi

Baskonia

Buesa Arena, 21:30ean

Baskoniak lehen garaipena nahi du Estudiantesen debutean

Agentziak | Erredakzioa

Gasteiztarrek bigarren norgehiagoka jokatuko dute, aurreko ostiralean Bartzelonaren aurrean men egitea egokitu baitzitzaien.

  • Baskoniak Bartzelonaren aurka jokatu zuen lehen partidan. Argazkia: EFE

    Baskoniak Bartzelonaren aurka jokatu zuen lehen partidan. Argazkia: EFE

Baskoniak denboraldiko bere lehen garaipena lortu nahiko du gaur Buesa Arenan Movistar Estudiantesen aurka. Madrildarrentzat euren estreinako partida izango da Txapeldunen Ligarako sailkapena lortu ostean.

Gasteiztarrek bigarren norgehiagoka jokatuko dute, aurreko ostiralean Bartzelonaren aurrean men egitea egokitu baitzitzaien.

Partidaren interesgune nagusietako bat Pablo Prigioni etxean taldea zuzentzen lehen aldiz ikustea izango da; izan ere, Buesa Arenako goialdean argentinarrak hainbat urtez defendatu zuen 5 zenbakidun elastikoa eskegita ikusi ahal izango du.

Nabarmentzekoa izango da ere Jayson Granger antolatzailea jokatzen ikustea, biharko lehian Estudiantesen aurka jardungo baitu, hau da, jokalari gisa hezi eta ACBn debutarazi zuen taldearen aurka.

Printzipioz, Salva Maldonadok bere gizon guztiak izango ditu jokatzeko moduan, ez, ordea, Baskoniak, seguru baititu bi baja: Jordan McRae eta Patricio Garino. Horrez gain, zalantza dira Rodrigue Beaubois eta Tornike Shengelia.

Frantziarra bere osatze-prozesuko azken fasean dago, baina klubak zuhur jokatu nahi du bere berragerpenarekin, ez duelako aurre-denboraldiko partida bat bera ere jokatu.

Bestalde, taldeko kapitaina den Shengelia arin sendatu da liga hasi baino lehen egun aurretik ezker orkatilan pairatu zuen bihurritutik, eta Beaubois bezala, zalantza izango da azken unera arte.

Historia Pablo Prigoniren taldearen alde dago Estudiantesen aurreko norgehiagoketan, Gasteizen lehiatutako azken 14 partidatan 13 garaipen eskuratu baitituzte.