Itxi

Baskonia

2-0, kanporaketan

Kirolbet Baskoniak bigarren porrota jaso du Fenerbahçeren kontra (95-89)

eitb.eus

Gasteiztarrek bi garaipeneko desabantailari egin beharko diote aurre datorren astean Buesa Arenan, kanporaketa Istanbulera itzul dadin saiatzeko asmoz.

  • Lucas Vildoza, ahalegin betean. Argazkia: EFE

    Lucas Vildoza, ahalegin betean. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak galdu egin du berriro (95-89) Fenerbahçeren aurka, Euroligako play-offetako bigarren neurketa ikusgarrian.

Arabarrek oso ondo ekin diote partidari 0-6ko partzialarekin, baina Obradovicek hutsartea eskatu eta turkiarrek berehala berdindu dute lehia. Ordutik aurrera, oso lehen laurden parekatua jokatu dute bi taldeek, baina etxekoek, apurka-apurka, euren jokoa ezartzen asmatu dute, eta atzealdean egindako lana zein jaurtiketa libreak baliatuta (10etik 9 tarte horretan) aurretik amaitu dute lehen laurden hori, nahiz eta azken bi jokaldietan Timmak eta Janningek sartutako bi hirukok turkiarrek zeukaten zortzi puntuko aldea (22-17) murriztea lortu duten (25-23).

Bigarren laurdena bide beretik joan da, hots, oso berdinduta. Talde batak zein besteak erraz lortu dituzte puntuak tarte horretan ere (28-26), biko jaurtiketetan ehuneko oso onak lortuz (% 79, eta % 78,6). Lehen laurdenean egin bezala, Fenerbahçe zortzi puntu gora joan da bi aldiz (49-41 eta 51-43), baina gasteiztarren azken aupadak markagailuko zuloa murriztea lortu du atsedenaldira heldu orduko (53-49).

Aldageletako igaroaldiak defentsak tenkatu ditu, eta talde bien puntu jarioa ez da horren emankorra izan, baina parekotasunak bere horretan jarraitu du. Baskoniak partidan mantentzea lortu du une oro, eta gainera laurden horretan gailendu egin da, puntu bakarrarengatik izan bada ere (18-19). Azken ekitaldiaren faltan, markagailuak hiru puntuko tartea besterik ez zuen islatzen etxekoen alde (71-68).

Azken laurdenean, Pedro Martinezen mutilek neurketa poltsikoratzeko egin dituzten ahalegin guztiek beti egin dute tupust etxekoen erantzun sendo batekin. Norgehiagokan izan duten alderik handiena tarte horretan (bederatzikoa) zabaldu dute Obradovicen jokalariek (84-75 eta 86-77). Azken txanpan, Beauboisen eskutik Baskoniak egindako hondarreko ahalegina beranduegi heldu da, Brad Wanamakerrek egungo talde txapeldunarentzat dagoeneko lana eginda baitzeukan (19 puntu eta 31ko balorazioa), eta garaipena berriro ere Istanbulen geratu da (95-89).

Gasteiztarren aldetik Matt Janning izan da saskiratzaile nagusiena (17 puntu), Vincent Poirier izanik balorazio altuena jaso duen jokalaria (14 puntu eta 21eko balorazioa).

Hartara, datorren astean kanporaketa Buesa Arenara igaroko denean, Baskoniak bi porroteko desabantailarekin helduko dio kanporaketari.

Fitxa teknikoa:

Fenerbahçe Dogus 95 (25+28+18+24): Wanamaker (19), Nunnally (7), Kalinic (11), Thompson (1) eta Vesely (16) -hasierako bostekoa-, Sloukas (9), Guduric (6), Melli (10), Duverioglu (6) eta Datome (10).

Kirolbet Baskonia 89 (23+26+19+21): Huertas (5), Beaubois (11), Timma (11), Shengelia (13) eta Poirier (14) -hasierako bostekoa-, Vildoza (7), Janning (17), Diop (-), Voigtmann (11) eta Garino (1).

Epaileak: Luigi Lamonica (Italia), Elias Koromilas (Grezia) eta Fernando Rocha (Portugal). Kanporatutakoak: Tornike Shengelia (40. min).