Itxi

Baskonia

Euroliga

Caja Laboral-Prokom, (75-81): Top 16rako sailkapena, zailago

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Baskoniak 11 puntuko aldea lortu du hirugarren laurdenean, baina azkenean alferrik galdu du abantaila hori. Khimkiren garaipenarekin multzoko bosgarren postuan da orain talde gasteiztarra.

Caja Laboral Baskoniak ezusteko porrota jaso du gaur Buesa Arenan. Euroligako partidan Prokom izan zuten aurkari gasteiztarrek eta 75-81eko emaitzarekin galdu zuen partida Baskoniak. Gainera, Khimkik garaipena lortu du eta orain Caja Laboralek multzoko bosgarren postua betetzen du. Postu horretan bukatuz gero Euroligatik at geratu litzateke Baskonia.

Partida erritmo gutxirekin eta huts askorekin hasi da bi taldeen aldetik. Horren adierazle izan da norgehiagokako lehen saskiratzea ez dela minutu bat eta 37 segundo pasa arte iritsi. Oso berdinduak izan dira lehen hamar minutuak eta Baskoniaren aldeko lau puntuko abantailarekin bukatu dira (24-20).

Bigarren laurdenaren hasieran Caja Laboralek partidaren erritmoa bizitu nahi izan zuen, baina Prokomek geldo jokatu nahi zuen eta ez zion erritmoa bizitzen utzi Baskoniari. Kanpoko taldeak nahi zuen erritmoarekin aldeak murrizten hasi ziren eta markagailuan aurrera hartzea ere lortu zuten (30-32 eta 33-34). Laurden honetako azken txanpan Baskoniak gehiago asmatu zuen taulapean eta norgehiagoka Baskoniaren aldeko 39-34ko emaitzarekin iritsi zen atsedenaldira.

Atsedenalditik bueltan erritmoa bizitzea lortu zuen Caja Laboralek eta 11 puntuko aldea ere lortu zuen (45-34). Bazirudien partida apurtzea lortu zuela etxeko taldeak, baina Prokomek ez zuen etsi eta aldeak murrizten hasi zen. Partida berdintzea ere lortu zuten kanpotarrek (52-52). Baskoniak puntu bakarreko aldea besterik ez zuen lortu hirugarren laurdenaren amaieran (56-55).

Azken laurdenean gaizki aritu zen Baskonia. Prokomek hobeto jokatu zuen eta gehiago asmatu zuen. Hala, Prokomek 75-81eko emaitzarekin ezustekoa eman zuen eta garaipena lortu ere.

Porrot honekin eta Khimkiren garaipenarekin errusiarrek Baskonia gainditu dute sailkapenean. Honek, Khimkiren aurka jokatu beharreko hurrengo partida irabaztera behartzen du Baskonia eta gainera bost puntu baino gehiagoko aldeaz gainditu beharko ditu errusiarrak Top 16 ra sailkatu nahi badu.

Fitxa teknikoa:

75 - Caja Laboral (24+15+17+19): Huertas (6), Logan (2), San Emterio (13), Haislip (7), Barac (25)-hasierako bostekoa-, Oleson (5), Ribas (2), Teletovic (15), Bjelica.

81 - Asseco Prokom (20+14+21+26): Ewing (13), Eldridge, Jagla (9), Lapeta (11), Szczotka (2)-hasierako bostekoa-, Giddens (9), Videnov (9), Wilks (4), Varda (16), Burrell (8), Hrycaniuk.